Kontratu mugagabeko 33 kontratazio, azaroaren 8ko Enplegunean

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2022ko urr. 21a, 11:00

2019ko Enpleguneko artxiboko irudia. I. URKIZU

Azaroaren 8an ospatuko da Enplegunea, Lehiberri Zentroan, eta eskualdeko enpresetan 33 kontratazio sustatuko dira. Gaur amaituko da enpresentzat lan-eskaintzak argitaratzeko epea.

Tolosaldeko Enplegunearen 2022ko edizioa azaroaren 8an ospatuko da, asteartez. Badira urteak, egun hori eskualdean lanpostu berriak sortzeko erreferente bihurtu dena.

Asko eta asko izan dira urtez urte Lehiberri Zentrora gerturatu diren enpresa eta langabeak, aurrez aurreko elkarrizketak egin eta elkar ezagutzeko, eta horietako batzuen kontratazioek aurrera egin eta lan horietan dihardute gaur egun ere.

Aurtengo edizioan, Lanbideren babesarekin, eskualdeko enpresen 33 kontratazio lagunduko dira diruz, beti ere kontratu mugagabeak badira eta enplegu-sorrera garbia ekartzen badute, kontratatutako pertsona lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan lantaldea bataz beste txikiagoa izan bada.

2022ko maiatzaren 21etik abenduaren 31ra bitarte egindako kontratazioak beharko dute izan, eta derrigorrez Tolosaldean erroldatutako pertsonak izan beharko dira kontratatutakoak. Gainera, langabezia egoeran egon beharko dute aurrez, eta altan emanda Lanbideren zerrendan.

Enpresek ere eskualdean izan behar dute egoitza eta lan eremua, diru laguntza jaso ahal izateko. Gehienez kontratazio-kostuaren %75a lagunduko zaie, 8.800 euroko mugarekin. Hori izango da enpresa batek jaso lezakeen diru laguntzaren kopururik altuena.

Kontratazioak egin nahi dituzten enpresentzat lan eskaintzak argitaratzeko eguna gaurkoa da. 15:00ak baino lehen eman beharko dute izena, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailarekin harremanetan jarrita.

Egun horretatik aurrera izena eman ahal izango dute lanpostu horietakoren batean interesa duten herritarrek, azaroaren 8an Lehiberri Zentrora gerturatu eta dagokion enpresarekin aurrez aurreko elkarrizketa egiteko. Lan-eskaintza guztien zerrenda Tolosaldeagaratzen.eus webgunean ikusi ahal izango da hilaren 25etik aurrera.

BALDINTZA GUZTIAK, LAN-ESKAINTZA ZERRENDA,

INFORMAZIO OSATUAGOA ETA IZEN-EMATEA:

Tolosaldea Garatzen.

Harremanetarako:

lan3@tolosaldea.eus edo 943 65 45 01.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!