Imaz, arkitektura tekniko estudioa
Ivan Imaz obra zuzendari eta arkitekto tekniko gisa aritu da lanean azken urteotan, besteak beste, Donostiako erdiguneko etxebizitza promozioetan. Orain bere estudioa zabaldu du.
Arkitekturarekiko lotura etxetik datorkio, lan honetan diharduen hirugarren belaunaldia baita berea: aitona Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargoko sortzaileetako bat izan zen, baita lehen lehendakaria ere. Ivan bera diruzain lanetan aritzen da gaur egun.
Hiru lan-lerro nagusi izango ditu Imaz Arkitektura Tekniko Estudioak: birgaitze proiektuak, eraikuntza eta obra berriak, eta azterketa eta bestelako dokumentazio lanak.
Skanak, 3D eskaneatzea
Duela hamarkada bat baino gehiagotik Iruran bizi den portugaldarra da Armenio Ferreira. Skanak enpresa sortu du, BIM eta alderantzizko ingeniaritzarako 3D eskaneatze- eta modelatze-zerbitzua duena.
Enpresentzako aktiboak digitalizatzeko zerbitzua da, hala nola, eraikinak eta instalazio industrialak (neurriak, sistema elektrikoak, aire girotuko sistemak) edo proiektu osoak (mantenutik berreraikitzera). Alderantzizko ingeniaritza ere eskaintzen du, metrologiaren bidez piezen zehaztasuna neurtzeko, baita 360º eskaneatzea ere.
Emari, ardo berezien banaketa
Cristian Andres Vasquez Ferrok ardo bereziak merkaturatu eta banatzen dituen Emari Wines enpresa sortu du. Azken 13 urtez sommelier gisa jardun du, hainbat urtez 3 Michelin izar dituen ABAC jatetxe ospetsuan. Bertan, harreman komertzial sare zabala sortu du artisau-ardo eta ardo natural oso bereziak egiten dituzten upategi txikiekin.
Handizkako banaketaz gain, online denda bat izango du ardoak saltzeko. Ostalaritzarako prestakuntza-prozesuak ere egingo ditu, mahastizaintzari buruzko ezagutzak zabaltzeko.
Tolosaldea Garatzenek doako orientazio pertsonalizatua eskaintzen du enpresa ekimen berri bat martxan jartzeko asmoa duten ekintzaileei: ideia, bideragarritasuna edota finantziazioaren inguruko azterketa eginez eta formazioa eta laguntzak eskainiz.
zubeldia@tolosaldea.eus
Tolosaldeagaratzen.eus