Elkar lotuta doaz enplegua eta inklusioa

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2022ko ekainaren 17a

Tolosaldea Lab eskualdeko eragile sozial-kolektiboak enplegagarritasunaren eta inklusibitatearen inguruan hausnartzeko eta proiektu kolaboratiboak garatzeko biltzen dituen foroa da, Tolosaldea Garatzenek dinamizatzen duena.

Bere helburu nagusia laneratzeko zailtasunak dituzten pertsona zaurgarriak, emakumeak eta gizarte bazterkerian daudenak bereziki, lan merkatuan sartzea da, horretarako formazio-ekintzak sustatuz.

Beste egitasmo batzuen artean, Elkar-Ekin izeneko proiektua garatu dute ikasturte honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkarrekin Lanean laguntza-programari esker. Modu horretara, bi arlotako profesionaltasun ziurtagiriak eskuratzeko martxora bitarteko prestakuntza teknikoa eta enpresetan praktikak egiteko aukera eskaini da. 

Garapen agentziaz gain, Fundacion Empleak, Peñascal Kooperatibak, desgaitasuna duten pertsonekin lan egiten duen KateaLegaia enpresak eta etorkin magrebtarren integrazioa helburu duen Jatorkin elkarteak gauzatu dute, elkarlanean.

Orotara 23 pertsona izan dira proiektuaren onuradun: zortzi pertsonak hezkuntza ez arautuko irakasle izateko formazioa jaso dute; eta beste 15 pertsonak biltegi eta logistika lanetarako ziurtagiria eskuratu dute.

Foroa hurrengo ikasturtean pentsatzen jarria da dagoeneko, eta enplegagarritasuna eta inklusioa modu bateratuan landuko dituen hurrengo proiektuaren oinarriak finkatzen hasiak dira. Ikasturte berriarekin batera emango dira xehetasun guztiak.

Bitarte horretan, aukera gehiagoren berri jakin nahiko lukeenak, Enplegu Sailarekin harremanetan jartzeko aukera izango du, lan@tolosaldea.eus helbidera idatziz, 943 654 501 telefonora deituz edo Lehiberri Zentrora gerturatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!