Tolosaldeko enpresa eta erakundeetan praktikak egiteko aukera, gazteentzat

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2022ko apirilaren 25a

Maiatzaren 2an abiatuko da 20 eta 44 urte artekoei zuzendutako Hazilan programa.

Lanik gabe dauden, beren ikasketekin bat datorren lanpostu baten bila dabiltzan edota lanean egonda, beren baldintzak hobetu nahi dituzten gazteei lan aukerak sortzea helburu duen enplegu-programa da Hazilan.

Programak bi fase ditu: 80 orduko formazioa eskaintzen zaie lehenik, alor fisiko, kognitibo eta emozionala lantzeko. Maiatzaren 2tik 24ra izango dira saioak, astelehenetik ostiralera, Lehiberri Zentroan, 09:30etik 14:30era.

Autonomia, automotibazioa, espektatiben kudeaketa, komunikazioa, gatazken kudeaketa, erabakiak hartzeko gaitasuna edota plangintza bezalako oinarrizko konpetentzia sozioprofesionalak jorratuko dira saioetan, bakarka nahiz taldeka.

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Saileko orientatzaileen jarraipen pertsonala izango dute parte hartzaileek, amaieran.

Praktikak ekainetik irailera bitarte izango dira, Tolosaldeko enpresa edo erakunderen batean, udaletan esaterako. Praktika horiek norberaren profilera egokitutako lanpostuetan izango dira, lan-esperientzia hartzeko eta lan-aukerak sustatzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!