Energia alorreko zalantzak argitzeko 'online' zerbitzua martxan

Erabiltzailearen aurpegia

Tolosaldea Garatzenek, udal guztiekin elkarlanean, eskualde mailako energia bulego birtuala sortu du, herritarrei doako aholkularitza pertsonalizatua emateko.

Tolosaldean kultura energetiko berri bat sortu asmoz, energiari buruzko informazioa eman, eraldaketarako sentsibilizatu eta formazioa sustatzeko lanean dabil Tolosaldea Garatzen, udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.

Zentzu horretan, herritarren energia alorreko zalantzak argitu eta trantsizio energetikoa gauzatzeko jarraibideak emateko bulego birtuala sortu du. Informazio orokorraz gain, herritarrei laguntza eta aholkularitza eskainiko zaie, adituen bidez.

Zein informazio eskaintzen du webguneak?

Energiaz jakin beharreko informazio orokorra topatu ahal izango da webgunean: energia-iturri berriztagarri eta ez-berriztagarrien xehetasunak, eskualdeko kontsumo datuak, gasaren eta argindarraren fakturak ulertzeko gakoak, etxeko kontsumoan eta fakturan aurrezteko gomendioak, tarifak egokitzen jakiteko aholkuak…

Zein motatako kudeaketa-zalantzak argitu ahal izango dira?

Energia-konpainiekin eta administrazioarekin isunak eta kudeaketak izapidetzen lagunduko da, baita bestelako laguntzen kudeaketan ere bai: bonu soziala, potentzia-aldaketak edo merkaturatzea, aparteko zerbitzuak kentzea, tarifa-aldaketak, hobariak eta zerga-salbuespenak, etxebizitzen birgaitzerako laguntzak, etab.

Eta energia auto-ekoizteko zein motatako aholkularitza emango da?

Norbanakoei eta bizilagunen komunitateei energia berriztagarriak instalatzeko edo etxeen birgaitze energetikorako proiektuei buruzko aholkularitza emango zaie: beharren azterketa, kostuak, zer laguntza dauden eta neurri fiskalei buruzko informazioa… Ekimen energetiko kolektiboen inguruan lan egiten duten eragileekin koordinazioan egingo da.



Energia Bulegoa bisitatzeko klikatu hemen.

Energia alorreko zalantzarik baduzu, idatzi eta lagunduko zaitugu: tolosaldekoenergiabulegoa@gmail.com

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!