Nola garatu zenuen ekintzaile izateko ideia?
Pare bat urte neramatzan akademia bat irekitzeko gogoarekin. Motibagarriagoa iruditzen zitzaidan nire proiektu propioan lan egitea beste edonon baino. Gero eta konbentzituago nengoenez, aurrera egitea erabaki nuen azkenean. Ingurukoek ere asko lagundu naute.
21 urterekin ekintzaile izatea ez da ohikoena.
Ilusioa behintzat badut, eta azken urteotan horretarako prestatu naiz. Egia da ekintzailetzaz ez dela gehiegi hitz egiten ikastetxe eta unibertsitatean, eta gehiago jorratu beharko litzatekeela, jende askok ez baitu planteatu ere egiten.
Zer pasatzen zaizu burutik enpresa proiektu bat abiatzean?
Konbentzituta, konfiantzaz eta segurtasunez hartu dut proiektua. Baina egia da lasaitu ere egin behar izan naizela. Hasieran oso erraz ikusten duzu, baina lan asko dago atzetik. Pazientziarekin hartu behar da. Asko lagundu naute, baita begiak irekitzen ere.
Baliagarria izan zaizu Tolosaldea Garatzenek emandako laguntza?
Ez nekien nondik hasi. Zer egin behar nuen lehenago, lokala hartu, akademiako metodologia garatu edo materiala izan? Gerora ikusi dut azterketa sakonago bat egin behar dela, eta oso baliagarria egin zait hori. Bide-orri moduko bat eman didate, kronograma bat urratsez urrats egin beharreko guztiekin. Azkenean, horrek ideiak ordenatzen lagundu dit.
Zer esango zenieke proiektu bat ekiteko zalantzan dabiltzan horiei?
Ekiteko ez dago adinik. Ilusioz, lan egiteko gogoz eta segurtasunez hartu behar da proiektu bat. Ezaugarri horiekin aurrera egiteko esango nioke edonori.