Herritarrak euskarara gerturatzeko 'Auzoko' saioak martxan dira

Erabiltzailearen aurpegia

'Auzoko' egitasmoaren aurkezpen saioa Ibarrako kultur etxean, urriaren 17an, 19:00etan egingo dute.

Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun saila, Ibarrako Udala eta Euskaltzaleen Topagunearen arteko lankidetzatik Auzoko egitasmoa sortzen da. Herriko komunikazio eta kohesiorako hizkuntza euskara izateko bidean, herrira iritsi berriei edota euskaratik urrun bizi diren herritarrei hizkuntzara gerturatzeko aukera eskaintzen die egitasmoak. Helburu horrekin, ordu eta erdi inguruko saio irekiak egiten dira astero.

Herritarrak, aniztasuna eta euskara oinarrian dituen egitasmoa da Auzoko. Herrian dugun hizkuntza aniztasuna aintzat hartuz, euskarara lehen pausoak eman nahi dituzten herritarrak eta bide horretan laguntzeko prest dauden euskal hiztunak elkartzen dira saioetan. Ariketa erraz eta jolasen bidez, jatorri ezberdinetako herritarren arteko harremanak sustatu eta euskarazko oinarrizko hitz eta esamoldeak lantzen dira.

Auzotarrek parte hartzeko deia

Herrira etorri berriek edota orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenek bide hori egin dezaten, garrantzitsua da herriko euskal hiztunen parte-hartze aktiboa. Auzoko egitasmoaren saioetan bietatik behar baita: euskarara gerturatzeko gogoa duten herritarrak (Auzokideak) eta horiei bidean laguntzeko prest daudenak (Auzotarrak).

Aurkezpen saioa Ibarrako kultur etxeko aretoan izango da, urriaren 17a, osteguna arratsaldeko 19:00tan. Gerturatu eta parte-hartzeko gonbidapena luzatzen zaio herritar orori.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!