Zaintzarako formazio profesionala jaso dute

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2019ko uzt. 6a, 05:59

Agerian dago Europako gizartea zaharkitzen ari dela. Honela, Nazio Batuen Erakundearen arabera, fenomeno sozial hau XXI. mendeko erronka nagusienetakoa bilakatzen ari da. Gure inguruan ikusten dugun eraldaketa honen berehalako ondorioa menpekotasuna duten pertsona nagusiak zaintzeko eskaeraren igoera da.

Tolosaldea eskualdeko behar horri erantzuna emateko Tolosaldea Garatzeneko migrazio eta enplegu sailen arteko lankidetzatik Etxekolan proiektua jaio zen duela bi urte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz programaren laguntzaren bidez.

Gaur egun menpekotasun legearen arabera, familiek zainketarako diru laguntza jaso ahal izateko, kontratatuta daukaten langileak titulazio profesionala izan behar du, eta profesionaltasun ziurtagiri hau lortzeko langileak 450 orduko formakuntza teoriko eta praktikoa bete behar ditu.

Gure inguruko formazio zentroetan eskaintzen diren ikastaroak trinkoak dira, astean zehar eta egunero bost orduko saioak, goizez edo arratsaldez izaten dira. Halaber, familietan lanean ari diren langileek ezinezkoa dute bertara joatea. Etxekolan proiektuaren berezitasuna ordutegia da, ostiral arratsaldeetan eta larunbatetan ematen baita langileei parte-hartzea errazteko helburuarekin.

Horrela, proiektu honi esker, ekainean, Tolosaldea Garatzen eta Inmakulada ikastetxearen artean antolatutako Etxekolan programan 15 emakumezkok eta bi gizonezkok zaintzaren inguruko bi urteko formakuntza teorikoa gainditu dute. Lehenengo talde honen ebaluazioa bikaina izan da.

Era berean, parte hartzaileak oso pozik bukatu dute formazio teorikoa, ikasgelan sortu den giroa eta taldea ezin hobea izan delako. Alde onak besterik ez dituzte ikusten parte hartzaileek. Zailena lana eta ikasketak uztartzea izan da. Tutoreekiko sortu den harremana ere berezia izan da. Gizarte eta osasun gaiak ikasteaz gain, adin eta jatorri guztietako 15 emakumezko eta bi gizonezko hauek lortu dute eskola eguneroko bizipenak partekatzeko gunea bilakatzea.

Profesionalki eta pertsonalki ahalduntzeko balio izan du. Irailean bukatzeko falta den modulu praktikoa egiteko bilduko dira. Gutxieneko 100 orduko praktikak egin beharko dituzte Tolosaldeko erakunde desberdinetan profesionaltasun ziurtagiria lortzeko. Behin ziurtagiria lortuta, gizarte erakundeetan eta etxeetan osasun arreta profesionala emateko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!