[BABESTUTAKO EDUKIA] Tolosa Gourmet

Erabiltzailearen aurpegia
[BABESTUTAKO EDUKIA] Tolosa Gourmet

Tolosaldean turismo gastronomikoa sustatzeko produktu kluba da.

Helburu nagusia Tolosaldea gastronomia turismo-gune moduan promozionatzea da, eskualdean dauden sinergiak bultzatuz, bere posizionamendua hobetzeko. Tolosaldeko turismo gastronomikoaren baliabide, sektore, produktu eta zerbitzu guztiak parte hartzea lortu nahi da, eta esperientzia berriak sortuz eta eskaera-segmentu berriak sortzeko ahalmena indartuz, egonaldiak luzatzea, desestazionalizazioa bultzatzea eta fluxuak eskualde osoan zehar banatzea.

2012ko abenduan sortu zen Tolosa Gourmet Kluba, 2010ean Euskadin argitaratutako turismo enogastronomikoa bultzatzeko planaren ondorenean, eta 2011n zehaztutako Tolosa Gourmet produktu turistikoaren garapen eta kudeaketa planaren ondorio gisa.

41 establezimendurekin hasi ginen 2012an eta, gaur egun, martxoko kudeaketa mahaian onartutako kide berriekin, 43 establezimendu ditugu atxikituta.

Bereziki ostalaritza, mugimendu asko (itxiera eta irekierak) dituen sektorea da, eta urtero gora-beherak izaten ditugu. Helburua, dena den, ez da establezimendu asko izatea, turismora begira lan egiteko interesa duten eragile gakoekin sare bat osatzea baizik.

Kide pribatuek egiten duten ekarpena bezainbesteko ekarpena egiteko konpromisoa du Tolosaldea Garatzenek, eta, lortzen ditugun diru-laguntzei esker, ekarpen hori laukoiztu egiten dugu.

2019ko plangintza martxoan aurkeztu genuen. Dagoeneko ekintza batzuk aurreratuak ditugu, eta hauek dira, epe laburrean, aurreikusita ditugun ekintzak:

· Apirila: Bilboko Basque Festa jaialdian, Gourmet Txoko karpan stand propia jarri genuen, informazio turistikoa zabalduz, produktuen salmentarekin osatuz eta produktu katak antolatuz. Mikel Garaizabal enologoak Tolosaldeko sagardo dastatzea antolatu zuen, Larte gaztandegiko gaztarekin lagunduz. Lurlan Baserritar Elkarteak gilden dastatzea antolatu zuen, Ibarrako piperrekin, eta Rafa Gorrotxategi txokolate dastatzea egin zuen.

· Maiatza: Munduko Turismo Gastronomikoko Foroa ospatuko dutea Kursaalean, maiatzaren 2-3an, eta bertaratzen direnei gure eskualdeko esperientziak ezagutzeko txangoa antolatu dugu: Bidania-Goiazko Urdapilletaren euskal txerri hazitegia ezagutzera eramango ditugu, atzerritik datozen 25 pertsona.

Horrez gain, Tolosako Udalak, Eusko Jaurlaritza eta Basque Culinary Centerrekin batera antolatzen duen HARAGI jardunaldietan parte-hartuko dugu, erretegien historiaren inguruko bideo bat prestatuz. Jardunaldi horietan emango da ezagutzera bideoa, erretegien ponentziarekin batera, hainbat hizkuntzatan. Horrez gain, kazetariei begira erretegietan antolatuko den afari-ibiltaria ere babestuko dugu eta, azkenik, gure euskarrietatik, HARAGIren online difusioa egingo dugu.

· Ekaina: Sagardoa eta Bisiguaren Festa antolatuko dute, ekaineko lehen asteburuan, Tolosako Udalak, Txinparta Elkarteak eta Gipuzkoako Sagardogile elkarteak.

Tolosaldea Garatzeneko udal sailarekin batera, hondakinak gutxitzeko helburuarekin, jatetxeei begira, bezeroek jatetxeetan utzitako soberakinak etxera eramatea errazteko kanpaina jarriko dugu martxan. Jatetxeek ere, sukaldean soberakinak erabil ditzaten, sukaldaritza formakuntzak antolatuko ditugu.

· Uztaila: Tolosaldeko turismo gastronomikoaren eskaintza jasotzen duen liburuxka argitaratuko dugu, ingeles-frantses bertsioan, edukiak berrituz.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!