Tolosaldea superheroiz betetzen ari da. Etxeko gailu elektronikoak ittzalzen dituzte, eta gurasoei itzaltzeko eskatzen diete; nahiago dute oinez edo bizikletaz joan eskolara, gurasoen kotxean baino, eta, hortzak garbitzeko garaian, ur txorrota itzaltzen dute. Energiaren superheroiak dira, eta mundu garbiago baten alde hasi dira lanean, Tolosaldean. IZPIren lagunak dira, kapa eta antifaz horiagatik ezagutuko dituzue, eta dagoeneko 200 baino gehiago dira.
Superheroiak askotan dira erreferente, baina, zenbatetan ematen zaie haurrei, superheroi izateko aukera? Tolosaldea Garatzenetik abian jarri dugun kanpaina honetan, IZPIk luzatutako erronkak egiten ditu, egunero, haurrak. Superbotereak bereganatzen doaz haurrak, eta guraso edo tutoreek hala egiten ari direla ziurtatzen dute, horretarako banatu liburuxkan. Behin proba guztiak beteta, haurrek superheroi kapa eta antifaza jasotzen dituzte, eta IZPIk lehen misiorako behar dituen 300 superheroi kuadrillaren parte dira.
FLASH superheroiak ez du aitaren kotxean joan nahi eskolara; SUPERIRATI, orain, bost minutuan dutxatzen da: eta ARGI aitaren, amaren eta anaiaren atzetik joaten da, argiak itzaliz. Mundu garbiago bat ez da lortzen, egin egiten da. Tolosaldeko superhaurrek oso ongi ikasi dute. Eta, agian, euren gurasoek ere bai. Izan ere, haurrentzat energia aurrezteko ardura bere egiteko bultzada izatearekin batera, guraso nahiz helduentzat ere kontzientziazio eta hausnarketarako arrazoia izatea bilatzen du, Tolosaldea Garatzenen kanpainak. Emaitzak eskuratzeko guztion inplikazioa beharrezkoa delako, bakoitzak bere etxetik. Hala dio IZPIk.
Tolosaldea Garatzen agentziaren energia sailak eskualdeko kontsumo-datuen inguruan informatu, horiek hobetu eta alternatibak bilatzeko ahaleginean egiten dituen hainbat kanpainetako bat da hau. Kanpaina gehiagoren berri izateko, bisitatu Piztu Tolosaldea Facebook orrialdea.