Ongi etorri bisitari, Tolosako babarrunaren festara

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2018ko azaroaren 16a

Urteak pasa ahala Tolosako perla beltza eta bere festa indartzen ari dira. Tolosako herrian erabat txertatutako festa honek bisitariarentzat izan ditzaken erakarpen guztiak batzen ditu, horri esker geroz eta gehiago dira gurera datozkigunak festa honen aitzakian.

Tolosako izena daraman produktu honek, Tolosaldea guztia irudikatzen du eta zergatik ez esan, Euskal gastronomia osoa ere bai. Garaiak aldatzen doazen honetan eguneroko jaki izatetik jai egunetako otordu izatera pasa den gure ikur gastronomikoaz harro, gerturatuko zaizkigun bisitariei, konta diezaiegun gure historia. Hori da hemendik luzatzen dizuegun proposamena.

Kontatu mahai inguruari ematen diogun garrantzia, sutondoari eta nola ez, bere sinpletasunean pul-pul prestatutako lapikoko koilararekin jaten dugun plater honi. Jar dezagun dantzan etorriko zaigun bisitaria trikiti giroan, egin dezala balantza euskal kanten erritmora eta goxatu barrena gure gastronomiarekin. Bizi dezan Tolosako Euskal Jaia eta Babarrunaren arteko ezkontza lehen pertsonan.

Bisitariak badakizue (zu ere bisitari zarelako), bertakoa ezagutu nahi baitu, festa giroan murgildu eta gozatu.

Beraz zu, tolosaldetar, abarka, gona, txapel eta alkandorak jantzi eta #eginirrintzi!

Ongi etorri bisitari!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!