Mostradorearen atzean egotea izango da haren bereizgarri garrantzitsuenetako bat. Eskaintzen duenaren pertsonalizazioa, produktuaren ezagutza eta saltzeko gogoa izango dira haren ezaugarri nagusiak. Izan ere, presentzian, gertutasunean eta arretaren kalitatean oinarritzen da etorkizunerako bideragarritasunaren zati garrantzitsu bat.
Baina gaur egun hori ez da nahikoa, orain, pertsona ekintzaileak bezeroarekin harremanetan jartzeko kanal guztietan egin behar baitu hori guztia. Lehiakortasuna oso zorrotza da eta, erraldoi teknologiko handiek gero eta merkatu gehiago bereganatzen dituztela kontuan hartuta, gaur egun ez da nahikoa saltokian fisikoki egotea. Horrela, bada, bezeroa dagoen leku guztietan egon behar du, eta ez edozein modutara, erantzun homogeneo bat emanez baizik. Horrenbestez, ikuspegi integral bat aplikatu behar da txikizkako salmentaren esparruan.
Bezeroek gertutasun fisikoa antzeman behar dute online erremintetan. Leku desberdin eta paregabe horretan zer erosten ari den ikusi behar dute. Negozioaren gertutasuna sentitu behar dute, «urrutiko» harreman batean oinarritu arren. ETE txikiek ez diete teknologiaren liga irabaziko multinazional handienei, ezta prezioarena ere, baina lehian jardun dezakete kalitateari, gertutasunari eta zerbitzuari dagokionez.
Markaren kudeaketa
Negozioaren digitalizazioa ez litzateke inola ere guztiz azpikontratatu behar. Tarteko profila duen pertsona ekintzaile batek aholkularitza eta laguntza beharko ditu seguruenik, baina bere lidergoan oinarrituta eta ezin hobeto egingo duenaren konbentzimendutik.
Negozio txikiek estrategia digital bat behar dute eta estrategia hori web korporatibo on batean oinarritzen da, baita produktuen katalogo eguneratu eta osatu batean, haren jarduerarekin eta profilarekin bat datozen sare sozialen erabileran, eskaerak eta itzulketak egiteko tratu bikain batean, eta baita erosketa gehiago egiteko gogoa piztuko duen fidelizazio-tresnen sorkuntzan ere.
Horri guztiari markaren kudeaketa egokia gehitzen badiogu, eta negozioaren buru den pertsonak bezeroei behar bezala entzuteko eta etengabe hobera egiteko grina badu, negozio arrakastatsu baten aurrean egongo ginateke. Sare sozialen edo telefonoaren atzean negozioaren beraren pertsona arduradunak erantzuten badu, bezeroaren esperientzia paregabea izango da.