Hala eta guztiz ere, 2015ean Pariseko Itunean berotegi efektuko gasak murrizteko ezarritako helburuetara iristeko bidean, Europak 2030ean kontsumitzen duen energia guztiaren %32a berriztagarria izatea iritsi diren akordioa ez da nahikoa (erakunde ekologistek %40-45 izatea eskatzen zuten). Eta helburu horietara iristeko egin beharreko esfortzuak partekatuak izan behar du. Ezin baita erantzukizun guztia estatu(ar)en menpe utzi. Eusko Jaurlaritzak ere ezarri ditu bere helburuak energiaren arloan, hau da, 2030ean energiaren %21a berriztagarria izatea. Eta hori ere ez da nahikoa. Baina ezin dugu erantzukizun guztia ere Eusko Jaurlaritzaren menpe utzi.
Tolosaldean, udalek, Tolosaldea Garatzenen eskutik, eskualderako Energia Plana idatzi zuten 2016an. Ez genuen ezarri helburu finkorik baina energia burujabetzaren bidean pausoak ematen hasi ginen. Hasi gara. Efizientzia energetikoaren inguruan udalek aurrerapauso handiak eman dituzte azken urteetan eta 2018an energia planari dagokion aurrekontuaren %50a baino gehiago energia berriztagarrien inguruko azterketak egiteari zuzenduko diogu. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari esker, eskualdean ere Energia Plana gauzatuko dugu aurten. Eta atzo Tolosan ospatutako jardunaldian udalek energia arloan egindako ekimenak saritu nahi izan zituen Energiaren Euskal Erakundeak. Eguzki energiaren inguruko udal inbertsioak sustatzea, eta gure eskualdeko biomasaren aukera energetikoak aztertzea eta bideorria idaztea izango dira energia berriztagarrietan eskualde mailan aurten egingo diren Tolosaldea Garatzenetik bideratutako apustuak. Baina hori ere ez da nahikoa. Ezin baitugu erantzukizun guztia ere udalen menpe utzi.
Herritarrak, gero eta kontzientegoak izaten hasi behar gara gure etxeak berotzeko, argitzeko, sukaldatzeko behar dugun energia nondik datorren eta horrek zer suposatzen duen; lurraldean, ingurumenean, biodibertsitatean, berotegi efektuko gasen isurketan, aldaketa klimatikoan duen eraginaren, kaltearen aurrean. Edota guk erosten dugun soinekoa, sagarra edo zapata parea ekoizteko behar izan den energiaren aurrean. Gu baikara, gure kontsumoaren bitartez, trantsizio ekologikoan rol nagusiena jokatu beharko genukeenak. Guk baitugu, energia sortu, kontsumitu eta biltzeko aukerak irekiak ditugun une honetan, udalen bitartez, energia-kontsumo kooperatiben bitartez, enpresa txikien bitartez edota kontsumo lokalaren bitartez, aldaketarako giltza. Argi ibili gaitezen!