Ekintzaileentzat co-working espazioa Tolosan: 'Emari'

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2018ko eka. 8a, 08:28

Gunea prest dago ekintzaileak bertan lanean hasteko

Tolosako Udalak sustatutako ekintzaileen erreferentziazko berrikuntza eta sormen zentroa zazpi egunez eta 24 orduz erabilgarri egongo da. Guztira 10 ekintzaile/enpresentzako lekua dago, hainbat zerbitzurekin. 

Hilabeteko 50 euroko kostu bakarra izango du pertsonako eta gehienez hiru urtez egon daiteke bertan. Ekainaren 26a bitarte eman daiteke izena eta lehen kideak udan zehar sartzea dago aurreikusia.

Emari du izena. Ur-emariari erreferentzia. Emakumeek antzina arropak garbitzeko erabiltzen zuten moduak eman dio nortasuna guneari. Harraskak erabiltzen zituzten, eta bertan elkartzen ziren emakume guztiak, beraien eguneroko zaintza eta etxeko lanetatik irtenda. Sozializaziorako gunea zen beraientzat. Antzina lankidetza ohikoa zen, baina garai aldaketak ohiturak eraldatu ditu. Horrexek aldatu zuen lanerako modua garai batean, eta horrexek aldatuko du gaur egun ere. Emari Co-working Espazioa eman egingo duen toki bat izango da, proiektuak garatu, eta lankidetzaren bitartez indartsu bilakatu eta korrontea sortuko duena.

Co-working filosofia izango du. Finean, helburua ez da soilik lanerako gune bat edo zerbitzuak partekatzea, baizik eta lankidetzarako aukera berriak ematea inguru dinamiko, ireki eta malgu batean. Hala, sormena, komunikazioa eta esperientzia, eta ezagutza-trukea sustatzea, elkarrekin ideia eta proiektu berriak sortze aldera, Emari-ko kideek elkarlanean. Beraz, autoenpleguko proiektuak garatzeko lankidetzako gune bat izan nahi du, gizarte-ekintzailetzara eta sarean lan egitera bideratua. Eta aldi berean, enplegu sortzaile izatea.

Zazpi egunez eta 24 orduz erabilgarri egongo da Emari. Enpresa batekin hasi nahi duen ororen, eratutako enpresa batekin jarraitu nahi, edota unibertsitateko edo Lanbide Heziketako ikasle bazara, zure gunea da hau. Guztira 10 ekintzaile/enpresentzako lekua dago, bere bilera gela, sukaldea eta komunarekin. Lanerako postu atsegina, hainbat zerbitzurekin: formakuntza eta aholkularitza, interneta, inprimagailua, publizitatea eta beste hainbat. Baita eraikineko beste hainbat gune komun ere.

Baldintzei dagokienean, hilabeteko 50 euroko kostu bakarra izango du pertsonako. Eta gutxienezko sei hilabeteko epean eta gehienezko hiru urtean egon daiteke bertan, proiektuak abiadura hartu bitartean. Sarbidea librea izango da, identifikazio-txartel bidez.

Zabalik da izena emateko epea: ekainaren 26a bitarte aurkez ditzakete interesatuek beren proposamenak www.emari.eus web orriaren bitartez edota fisikoki udaletxean bertan. Bertan baldintza guztiak interesatuen eskuragarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!