Lan merkatua Tolosaldean

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2018ko mai. 11a, 12:51

Eskualdeko ekonomiaren egoerak azken hamarkadan jasan dituen gorabeheren ondoren, badirudi azken urteotan hobekuntza baieztatzen ari dela oro har.

Ondorio horretara iristeko hainbat adierazle makroekonomiko erabiltzen dira eta erakusten dira komunikabideetan, baina fidagarrienak ekonomia errealari erreferentzia egiten dioten horiek dira: enplegua, afiliazioak, kontratuen iraupena, lan baldintzen bilakaera, sortutako eta desagertutako enpresen balantzea,…

Atal honetan enpleguaren zati bati buruz ariko gara, hau da, Tolosaldean egun dauden langabetuen inguruko datu batzuk erakutsiko ditugu.

Datu horien arabera atera daitekeen lehen ondorioa, positiboa da, langabezia tasa %9,5ekoa da 4 urteko etengabeko beherakada bati esker (2012 urtean %14,1ekoa zen), Gipuzkoakoaren ia berdina; baina hala ere oraindik 2.202 pertsona dauzkagu lanik gabe, egingo luketenak.

Eskualdean gero eta lan kontratu gehiago sinatzen dira, baina haien batezbesteko iraupenak nabarmen egin du behera. Ekonomiaren miopia edo epe luzea aurreikusteko ezintasuna gero eta larriagoa da, eta ondorioz horrek eragin zuzena dauka enpresek lan merkatuan aurkezten dituzten lan eskaintzen iraupenean eta baldintzetan.

Horrez gain, atxikita doan taulan ikus daiteke langabetu horien profila zein den. Gehienak emakumeak dira, 35 urtetik gorakoak eta zerbitzuen sektorean jardundakoak. Kualifikazioari dagokionez, %67 derrigorrezko ikasketetan gelditutakoak dira, eta hor ikusten da ikasketa maila altueneko segmentuak izan direla langabeziatik irteten lehenak. Langabetuen erdia baino gehiagok bi urtetik gora darama egoera horretan, eta gauza jakina da kronifikaziorako arriskua handitzen dela denborak aurrera egin ahala. Bestalde, Langabetuen %22 estatutik kanpo jaiotakoa da (egungo biztanlerian duen proportziotik oso gora).

Datu hauei begira, atera daitezkeen ondorio agerikoenak honakoak lirateke beraz: bat, gero eta lanesku gehiagoaren beharra dago gure eskualdean; bi, lan eskaintzen kalitatea ez da krisia baino lehenagokoaren kalitate berdinekoa; eta hiru, langabezian gelditzen ari direnen kolektiboa gizarteko zaurgarrienetakoa da, eta laguntza berezia beharko du lan merkatuan aktibatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!