Tolosaldea Inklusibo eta Solidarioa nahi dugu, eta herri ireki, ikasi eta tolerante bat eraikitzeko konpromisoa hartzen dugu. Guztiok ongizaterako eta kalitatezko lan egonkor bat edukitzeko eskubidea bermatuta izan dezagun borrokatuko dugu. Guztion artean, berdinen arteko Tolosaldea horretarantz egingo dugu bidea, inongo genero, jatorri edo baldintza sozialarengatik bereizketarik gabe.
Tolosaldea Aktibo eta Kolaboratiboa nahi dugu. Elkarlanerako eta lankidetzarako balio berriak zabalduko ditugu. Aurrerapausoak emango ditugu, modu kolektiboan eta partekatuan, enpresa, gizarte eta kultura arloan proiektu berriak eraikitzeko.
Tolosaldea irekia nahi dugu. Gure eskualdeko pertsona guztiek, eremu, baserri eta enpresa guztiek, edozein lekutan kokatuta daudela ere, Interneterako sarbidea izateko eskubidea dute eta eskubide hori bermatuko dugu.
Tolosaldea Euskalduna nahi dugu. Komunitate erabat euskalduna eraiki nahi dugu, eta horretarako, euskararekiko gure konpromisoa zabalduko dugu gure eskualdeko bizitza ekonomiko eta sozialeko esfera guztietan.
Tolosaldea Naturala nahi dugu eta eskualdeko herrigune eta industriagune guztien bihotzera eraman nahi dugu natura: gure errepide-sarea naturalizatuz, artifizialduta dauden inguruneak lehengoratuz, ibai-arroak berreskuratuz eta bertako biodibertsitatea leheneratuz.
Oinezko Tolosaldea nahi dugu. Pixkanaka ibilgailu pribatua erabiltzeari utzi nahi diogu, garraio kolektibo eraginkor baten mesedetan. Ahal dela oinez eta bizikletaz egingo ditugu batetik besterako joan-etorriak, eta horretarako prestatu eta egokituko ditugu gure kale eta espazio publikoak.
Zero Hondakin Tolosaldea nahi dugu, eta konpromisoa hartzen dugu eko-erantzukizunean hezteko eta gure hirietako eta industriako hondakinak gaika biltzea erraztuko duten baliabide teknikoak jartzeko.
Energia-kontsumo Ia Zeroko Tolosaldea osatzen dugu. Gure eraikin publiko, gure auzo, saltoki eta fabrikak pixkanaka energia-eraginkortasun goreneko eta energia berriztagarriak sortzeko programetara bildu nahi ditugu, ahal den kasu guztietan.
Tolosaldea Eko-enpresariala nahi dugu. Enpresa-ehun berritzailea, kolaboratiboa eta pertsonekiko arduratsua nahi dugu. Ingurumenarekin beste era bateko harremanean oinarrituko den kultur bat ezartzera animatuko ditugu gure enpresak eta saltokiak.
Tolosaldea Ekintzailea nahi dugu. Aintzat hartzen ditugu ekintzaileak, eta gure eskualdean enpresa, kultura eta gizarte arloko ekimenak sortzea nahi dugu, gure etorkizun partekatua gorpuzteko.
4.0 Tolosaldea nahi dugu, eta gogo onez egingo dugu lan 4.0 industria garatzeko, gure enpresen talentua, sormena eta berrikuntza oinarrian direla.
Landa-eremuko Tolosaldea nahi dugu. Gure landa-eremuan, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jardueren profesionalizazioa eta modernizazioa bultzatzen dugu. Baserria leku erakargarri bihurtuko dugu eta baserriko bizimodua lehiakor, gure landa-eremuko biztanleen piramidea gaztetzeko, nekazaritza-ustiategiak feminizatzeko eta guztion artean lurraldearen kudeaketa iraunkorrari eusteko.