Tolosaldea Pizten

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko abe. 25a, 10:00

Tolosaldea Garatzenek, PIZTU Tolosaldea Energia Planarekin neurriak hartzeko bidea ireki du eta aurten, azterketa eta diagnostikoetan jarri ditu bere indarrak.

Tolosan pasa den astean ospatu den Energia Azokan ikusi bezala, Tolosaldean energiaren inguruko interesei, beharrei eta gabeziei leiho bat irekitzen ari gara eta argia ematen saiatzen ari gara, orain arte iluntasunean mantendu diren energiari lotutako arazoei. Izan ere, dependentzia eta xahutze energetikoa arazo larri bihurtu daitezke, epe ertain eta luzean, neurri zehatzak eta zuzenak jartzen ez baditugu guztion artean.

Tolosaldea Garatzenek, PIZTU Tolosaldea Energia Planarekin neurriak hartzeko bidea ireki du eta aurten, azterketa eta diagnostikoetan jarri ditu bere indarrak. Turismo sektorean efizientzia energetikoaren inguruko hobekuntza plana landu du, horretarako eskualdeko establezimenduetan azterketa energetikoak sustatuz. Eta merkataritza sektorean, Tolargirekin harremanetan eta haiekin elkarlanean, Tolosako saltokiei zuzendutako sentsibilizazio tailerra antolatu dugu: Tolargiren energia datuak ezagutzeko tresna nola erabili irakasteko.

Energia berriztagarriei ere keinu egin diegu Tolosaldea Garatzenetik eta bi azterketa sakon landu ditugu: batetik, Tolomendirekin elkarlanean, eskualdeko baso publikoetako biomasaren potentzialitatearen azterketa egin dugu. Honi lotuta, gure eskualdeko eraikin publikoetan biomasa galdaretan epe motz eta ertainean dagoen eta egon daiteken demandaren azterketa. Eta bestetik, Tolosaldeko udal eraikinetako eta industriaguneetako pabiloietako gainazaletan energia fotovoltaikoaren potentzialaren azterketa egin dugu. 25 udal eraikinetako gainazalak aztertu dira eta 11 enpresetako gainazalak eta azterketa honen ondorioz, dagoeneko udal batzuk instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko bidean daude.

Baina asko dugu oraindik jakiteko energia arloan. Horrexegatik, PIZTU Tolosaldea kanpainarekin jarraitu dugu aurten, eta horren adibide izan dira sare sozialetan eta zinemetan zabaldu ditugun energia pilulakdeitu diegun sentsibilizazio bideoak. Tolosako Telleria anaiak, gainera, Tolosaldeko energiaren youtuber bihurtu ditugu, energiaren inguruko aholkuak emanez eta eraginkortasun energetikoaren inguruko gakoak ezagutaraziz. Eta ezinbestekoak izan dira gure udalerrietan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin antolatu ditugun ARGITU tailerrak.

Energiaren inguruan leihoak ez ezik ateak ere ireki behar direlako, 2018an indar eta argi guztiak jarriko ditugu berriz ere energia berriztagarriei begira eta eraginkortasun energetikoari begira.

Gure bizi kalitatearen eta ingurunearen aldeko egiteko bide bakarra baita. Argi ibili!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!