Gure ekintzaileen esperientziak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko aza. 24a, 11:12

Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailak bertatik pasa diren hiru ekintzaile enpresa bildu ditu:Terapia Gestal, Ipar Roller eta Chroma.

Terapia Gestal

Maite Blancok administrazioan egin du lan urte luzez, baina prestakuntza pertsonal sakon baten ondoren, hurrengo pausoa naturalki hartzea erabaki zuen: bere proiektua martxan jartzea. Horrela, berdintasun teknikaria izateaz gain, Psikologia eta Garapen Pertsonalerako Zentroa abiatu du Tolosan, Terapia Gestal.

Lehenengo hilabetetan zaila izan dela onartzen duen arren, ez da damutzen, lana bere erritmora egin ahal izateak asebetetzen baitu.

Kasu honetan Maitek ez zuen Tolosaldea Garatzenera ideia soil batekin jo, garatutako enpresa plan batekin baizik. Hala ere, ezagutu eta espero ez zituen hutsuneak bilatu eta argitzen lagundu zitzaion: «Gehien bat aspektu ekonomikoan lagundu didate, ikuspegi enpresarial batetik begiratu dute nire proiektua. Nik adibidez, ez nuen publizitatea egitea pentsatzen, baina ezinbestekoa izan da».

Horrez gain, proiektua martxan jarri ondorengo jarraipena ere eskertzen du Garapen Agentziaren-ren partetik.

Kale Nagusia, 29 Tolosa.

www.terapiagestal.eus


Ipar Roller

Duela urtebete paseak jarri zuen martxan Leire Vegasek Ipar Roller denda. Bertan patinak, skateak, patineteak... eta gurpilekin zerikusia duten ia guztia saltzen dute.

Duela urte batzuk patinatzen hasi zirenean jabetu zen Leire Vegasek Tolosaldean ez zegoela mundu honekin zerikusia zuen dendarik. Horregatik, eta patinaje taldean daukaten giro onagatik, proiektuarekin hastea erabaki zuen: «Prozesu guztian zehar Tolosaldea Garatzenen laguntza izan dut: bideragarritasun planerako, diru laguntzentzako,...».

Buruan zeuzkan ideiak ordenatu, eta bere negozioa gauzatzeari ekin zion beraz. Hementxe, utzi digun aholkua!

«Ekintzailetasunari ez zaio beldurrik izan behar, baina gauzak ere ez dira ero moduan egin behar... ekilibrioa bilatu behar da. Aholkularitza badaukazu, Egin kasu! Gauzak ondo begiratu behar dira».

Batxiller Zaldibia, 1. Tolosa

www.iparroller.com


Chroma

Duela 4 urte pasatxo hasi ziren Juan Urretavizcaya eta Iker Alkorta proiektu honekin: 3 urte igaro dituzte Tolosaldea Garatzeneko haztegian; orain, berriz, euren ibilbide propioan dihardute. Ikasketaz, diseinu industrial eta produktuaren garapenean adituak dira, baina marka eta komunikazio estrategiak erakarrita bilakatu ziren ekintzaile. Gustuko zutena abiapuntu hartuta sortu zuten Chroma Branding.

Euren esanetan, hasieran etengabe galdetzen diozu zure buruari ea zure proiektuak etorkizunik baduen, baina erritmoa hartu bitarte normala da beldurra izatea: «Hasiera batean ez genuen pentsatu ere egiten Chroma gure enpresa izango zenik, eta gure lanpostuak hortik sortuko genituenik. Baina aukera hori eman zigun haztegiak».

Tolosaldea Garatzenetik, zalantzak argitzeko laguntza eta espazioa bera eskaini zitzaizkien. Etorkizunean proiektu bat aurrera atera nahi dutenei aholku bat emateko esan diegunean, hauxe erantzun digute:

«Haztegia espazio bat da, baina ideiak eta helburuak zureak. Argi izan behar dira, ziurtasunez ekiteko proiektuari. Ezinbestekoa da egiten ari zarena denbora-galtze bat ez dela pentsatzea. Plazer bat da zurea dena osatzen jutea eta martxa nola hartzen duen ikustea». Animatu beraz, Iker eta Juanen aholkuei jarraituz, zu ere ekintzaile izatera!

Apatta Poligonoa. Uzturre Kalea, 1 Ibarra

www.chromabranding.com

 

SORTU BERRIAK

Tolosaldea Garatzenen ekintzailetza sailetik pasa ostean sortu berri diren azken enpresak:

Manttale Haurrentzako Oinetakoak. Korreo Kalea, 50. Tolosa.

ANM Arkitektura Estudioa. Emeterio Arrese, 5. Tolosa.

Itsasargi Kongelatuak. Korreo Kalea, 12. Tolosa.

Tarukutraku Bateria Eskola eta Musika Tresnak. San Inazio Auzoa, 4. Ibarra.

Bitxori Frutadenda.Euskal Herria Kalea, 9. Ibarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!