Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziaren xede nagusia eskualdean kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko lanketa bideratzea da. Horretarako hainbat lan ildo aktibatu izan dira agentziaren 23 urteetan, baina erronka berriak sortzen ari dira eta haietara egokitu behar dira lan tresnak.
Enpleguak azken hiru urteotan izan duen bilakaerari begira esan daiteke egoera hobetzen ari dela, ezta?
Hori hala da, langabezia une honetan %10ekoa da eta ez dugu ahaztu behar duela ez hainbeste %14tik gorakoa zela. Enplegua sortzen ari da eta sektore bakoitzak portaera berezitua duen arren, ikusten da proiektu berriak sortzeko eta inbertsioetarako konfiantza berreskuratzen ari direla gure enpresak. Hala ere, ingurumari berri honetan epe ertain-luzera arazo bihurtuko diren gabeziak identifikatzen ari gara azken urteotan galdutako enpleguaren eta orain sortzen ari denaren arteko alderaketan, hala nola, kontratazioen behin behinekotasuna, iraupena, baldintza ekonomikoak,…
Zer egin dezakete udalek eta garapen agentziak kalitatezko enplegua sustatzeko?
Garapen agentziatik bi ildo nagusitan ari gara lanean. Batetik, enplegu eskatzaileekin orientazioan, formazio bideraketan, eta kolokazio agentzia moduan ari gara lanean, eta gaur gaurkoz eskualdeko langabetu gehienek erabiltzen dute gure enplegu zerbitzua Lehiberrin. Bestetik, enplegu eskaintzaileekin ere ari gara lanean, hau da sektore guztietako enpresekin haien nazioartekotzea sustatuz, inbertsioetarako laguntzak erakarriz, kudeaketarako formazioa eskainiz, lankidetza sustatuz, etabar. Garbi daukagu kalitatezko enplegua sortzeko, balio erantsi handia eskaintzeko gai izango diren enpresak behar ditugula.
Enplegunek aurten izango du laugarren edizioa…
Bai, hala da. 2014an hasita urtero antolatzen dugun ekimena da. Lanbideko Enplegu Planen haritik bideratzen den ekimena da. Enplegu topaketa bat da, lan merkatuan inertzia positiboak eragiten dituen proiektua. Aurten ere 35 lanpostutik gora eskainiko dira azaroaren 29an. Haietatik 14 eskualdeko udaletara bideratuko dira eta gainerako 21ak enpresetara. Aurreko urteetan arrakasta handia izan du Enplegunek, eta kontratatutako pertsonen jarraikortasun tasak kontuan izanik, oso tresna interesgarria da lana bilatzeko zailtasun berezia duten kolektiboentzat.