Langabezia datuak eskuan hartuta, Tolosaldea osasuntsu dagoen argitzeko beste hainbat daturekin papez pare jarri beharra dago. Honela eskualdearen lan merkatuaren egungo argazkia lortu baitaiteke.
Langabezia Tolosaldean
Tolosaldean, urriko datuen arabera, 2.289 pertsona daude langabezian. Hau da biztanleria aktiboaren %10. Horietatik 943 (%41) Tolosakoak dira eta gainerakoak eskualdeko beste 27 herrietakoak. Baina hori asko ala gutxi den jakiteko bi erreferentzia erabili beharko genituzke: krisia hasi aurreko balioekin alderatzea, batetik; eta langabeziak gurean izan duen bilakaera Gipuzkoako gainerako eskualdeek izan dutenarekin alderatzea, bestetik.
Tolosaldean 2007 urtearen amaieran 1.471 langabetu zeuden. Horrek esan nahi du %55 igo dela langabezia gure eskualdean geroztik, oso nabarmen alegia. Gipuzkoan ere, gaur egun 34.321 langabetu daude, 2007 urtean baino %50 gehiago. Beraz bilakaera antzekoa izan da Gipuzkoan eta Tolosaldean. Baina bilakaera hau ez da lineala izan. 2009an eta 2012an galdu zen enplegu gehien eta langabeziaren maila gorena 2014ko apirilean jo zen, 3.392 langabeturekin.
Geroztik, ordea, langabezia jaisten joan da etengabe. Ingurumari ekonomikoan argiuneak atzematen joan dira, merkatuekiko konfiantza berreskuratzen ari dira enpresak eta kontratazio maila goruntz doa urtez urte. 2017 bereziki ona izaten ari da zentzu honetan, izan ere, %9 jaitsi da langabezia iazkoarekiko.
Herriz herrizkako datuei erreparatuz gero ikus daiteke langabeturik gabeko bi herri ditugula, Orendain eta Orexa. Beste ertzean langabezia tasa altueneko herriak Ikaztegieta (%13), Leaburu (%12,4), Ibarra (%12,2) eta Alegia (%12,2) ditugu.
Langabetuen argazkia
Azken urteetako joerari eutsiz ikus daiteke langabetuaren profila gero eta argiago ari dela definitzen generoari eta adinari dagokionez. Langabeen gehiengoa emakumea da (%60) eta 45 urtetik gorakoa (%51).
Langabeen jatorriari begira jarriz gero, ikus daiteke gehienak zerbitzuen sektoretik datozela (%60), industrian aritutakoak %17 diren bitartean. Ondoren, eraikuntza (%6) eta nekazaritza (%4) ageri dira jatorri nagusi bezala.
Kualifikazioa eta eskatutako lana bat datoz datuetan ere. Horrela gaur egun lanik gabe dauden pertsonen %65 derrigorrezko ikasketak soilik dituzte, %19ak lanbide heziketa dute, %6ak batxilerra du, eta %10ak unibertsitate ikasketak.
Jatorriari dagokionez, langabetuen %22 atzerrian jaiotakoa da eta gainerakoak Estatuan jaiotakoak dira.
Kontratuak
Eskualdean enplegua sortzen ari da, eta horren erakusle da hilero hilero kontabilizatzen diren kontratu kopuruak. 2017ko urrian, adibidez, 1.508 kontratu sinatu dira Tolosaldeko enpresetan, iaz hilabete berean baino %17 gehiago: zerbitzuetan 1.177, industrian 252, eraikuntzan 50 eta nekazaritzan 29.
Baina, arreta berezia eskaini behar zaio sortzen ari den enpleguaren kalitateari, eta ikus daitekeenez, sortzen den enpleguaren %89 behin-behineko kontratuen bidez gauzatzen da, eta gainera gero eta iraupen laburragoko kontratuen bidez. Hori izango da hurrengo erronka lan merkatuarentzat langabezia indizea bere jatorrizko mailara itzulitakoan, langileen egonkortasuna eta lan baldintzak hobetzeko moduko eskemak sustatzea.
Langile motak
Eskualdean une honetan 16.475 pertsona ari dira lanean gizarte segurantzan alta emanda. Horietatik %73 besterentzako lanean ari da, hau da, erregimen orokorrean. Beste guztiak, %27 autonomo moduan ari dira lanean: 3.757 langile autonomoen erregimenean, 546 etxeko langile moduan eta 118 lehen sektorean.
ERE-ak
Eskualdeko enpleguaren sendotasuna neurtzeko modutako bat indarrean dauden EREak zainduz kalkulatu daiteke. 2017an erregistratu diren EREak hiru izan dira guztira eta 12 langileri eragin diete.