Bosgarren urtez Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun sailak, hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean Zurrumurruen Aurkako formazioa eskainiko die eskualdeko udal, ikastetxe, eragile eta nahi duten pertsona guztiei.
Aurten berriro Raquel Moreno, Bartzelonako zurrumurruen aurkako sareko formatzaileak, Gipuzkoako SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, zurrumurruei aurre egiteko tresnak eskura jarri zizkigun urriaren 20an Tolosako kultur etxera hurbildu ziren Tolosaldeko udaletako langile, elkarte ezberdinetako pertsona zein herritarrei. Biltzeneko Moufdi Kamelek, Magreb familien heziketan garrantzia duten hainbat gako eskaini zizkigun urriaren 27an. Chinenye Adibenma eta Lidia Kinsonek Nigeriako familiekin elkarlanean aritzeko ezinbestekoa den informazioa helaraziko digute abenduak 1ean Lehiberrin. Gizarte langile, irakasle, edota interesa duen edonorentzat irekia izango da.
'Hitza hartu. Emakumeak, diskurtsoak eta isiluneak' liburuaren aurkezpena
Liburu hau urtetako ikerketa baten emaitza da eta azaltzen du nola eragiten dien aurreiritziek gizarteko sektorerik babesgabetuenei, migratzaileei, emakume sexu-langileei, emakume preso eta gutxiengo etnikoei. Liburuak isildutako edo infrabaloratutako lanei buruzko hausnarketa bat jasotzen du, besteak beste, zaintza-lanei buruzkoa, baina beste gai batzuei buruz ere badihardu, hala nola arriskutsutzat jotzen diren espazioei buruz eta migrazioei gaur egun ematen zaien esanahi berriari buruz. Lantzen ditu, era berean, gure kulturak dituen tabu nagusiak, adibidez, zahartzaroa eta heriotza.
Diskurtso nagusiek indarra eta egokitzeko gaitasuna duten arren, azpimarratzen du etengabe dagoela haien aurkako erantzun bat, haiek higatzen dituena, espresatzeko eskubidea onartzen eta balioesten ez zaion jendeak emana, jende hori delarik gizarte-aldaketa benetakoaren eta desiragarriaren protagonista. Gaiari ikuspuntu antropologiko feminista batetik heldu dio.
EGITARAUA
LIBURU AURKEZPENA
18:00. Hitza hartu. Emakumeak, diskurtsoak eta isiluneak, Jualiano Corregido eta June Fernandezen (Pikara Magazine) aurkezpenarekin, Tolosako kultur etxean.
Azaroak 18, larunbata.
BIZILAGUNAK EZAGUTU
14:00. Aurten ere Bizilagunak ekimeneko bazkariak ospatuko dira eskualdean, izena ematen duten jatorri ezberdinetako familiek elkar ezagutzeko aukera ezinhobea izango dutelarik.
Apuntatzeko: 635209287/ 943321811 edo http://mugak.eu
Azaroak 19, igandea.
NIGERIAR FAMILIAK
Nola hezi herrialde berri batean? Nola hezi behar dira haurrak? Modu bakar bat al dago? Zer da garrantzitsua familientzat? Eta hezkuntza komunitateko eragile ezberdinentzat? Gai hauen inguruan gogoeta egin eta zubiak eraikitzen laguntzeko saio honetan Nigeriatik etorritako eskualdean bizi diren familien aniztasuna eta beraien lehentasunak ezagutzen hasiko dira.
Abenduak 1, ostirala.