Tolosaldea Bikainn, eskualdearen etorkizuna eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko aza. 3a, 10:36

Zein da datozen urteetan nahiko zenukeen Tolosaldea? Azken hilabeteetan Tolosaldeko bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin hausnarketa prozesu batean sartu gara.

Eskualdeko eragile desberdinak, publikoak eta pribatuak, Tolosaldeko udalen interesei jarraituz eta Tolosaldea Garatzenen koordinaziopean, gure eskualdeko diagnostikoa eraiki eta etorkizunera begira erronkak guztion artean zehazteko prozesuan murgildu gara.

Tolosaldea Bikainn lelopean, Tolosaldea berritzailea eta bikaina eratu nahi dugu. Elkarrekin. Elkarrekin garatutako bideak bakarrik izan ohi baitira arrakastatsuenak epe luzera begira. Estrategia plan honen gauzatze prozesu honetan, Tolosaldea Garatzenetik parte hartze tresna eta ekimen desberdinak eramaten ari gara aurrera. On-line inkestak, elkarrizketak eta jardunaldiak antolatu ditugu ahalik eta pertsona, enpresa eta erakunde gehienek eskualdearen garapenaren inguruan dituzten iritziak, ekarpenak eta ikuspegiak jaso ahal izateko. Pasa den urriaren 19an, LEHIBERRI zentroan 30 eragile baino gehiago bildu ziren eskualdeko diagnostikoa elkarbanatzeko eta eskualdeko erronkak guztion artean zehazteko.

Baina bereziki, Tolosaldean lanean diharduten eragile sarea eratzeko. Guztiok, bakoitzak gure alderditik egiten baitugu Tolosaldea. Enpresak, udalak, ikastetxeak, herritarrak, guztiok egiten dugu Tolosaldea; gure lan egiteko eta langileak kudeatzeko ereduarekin, gure txikienak hezteko ereduarekin, gure kontsumo ereduarekin, gure aisiaz gozatzeko ereduarekin, etab. Eta beraz, Tolosaldea «bikainnagoa» eta berritzaileagoa lortzeko, guztion artean erronkak eta konpromisoak bateratu behar ditugu gero bakoitzak bere esparruan lan egin dezan.

Ez da erronka makala, baina gure erronka da. Gure etorkizuna. Datozen hilabeteetan Tolosaldeko Erronken eta konpromisoen Eskutitza aurkeztuko dugu eta eskualdearen bizi kalitatea hobetzeko bidean jarriko gara. Elkarrekin bidea eginez, elkarrekin Tolosaldea Bikainn bat eraikitzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!