23.625 euro eskualdean ekintzailetza sustatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko urr. 6a, 12:01

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak Tolosaldea Garatzenekin batera, hemezortzi beka eta denera 23.625 euro bideratuko ditu eskualdean ekintzailetza sustatzera, udazken honetan.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, 4. urtez jarraian Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, beste behin ere, eskualdeko ekintzaileei bultzada bat eman nahi die 2017ko udazken honetan. Horretarako, Lanbidek pertsona ekintzaileei laguntzeko diru laguntza deialdiaren barruan hemezortzi beka jarri ditu eskualdeko ekintzaileen eskura.

Horietako hamabi, enpresa ideia berri bat garatzeko asmotan dabiltzanentzat dira eta beste sei enpresa ekimen berri bat martxan jarri nahi dutenentzat eta bideragarritasun azterketa egina dutenentzat.

Enpresa ideientzat

Enpresa ideia bat garatu nahi dutenentzako bekek bi hartzaile ezberdin izango dituzte, lau beka 30 urtez azpiko ekintzaileentzat, eta beste zortziak, 30 urtetik gorakoentzat. Beka edota diru laguntza guztiak eskualdeko ekintzaileei zuzenduta dauden arren baldintza batzuk bete beharko dituzte: langabeak izatea eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea; Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea; helburu bererako beste laguntzarik ez jasotzea; ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian lehendik alta eman ez izana eta esklusiboki hona dedikatzea 3 hilabeteko epealdian.

Enpresa jarduera berri bat

Aipatu bezala, beste sei bekak enpresa jarduera bat martxan jartzea buruan duten ekintzaileentzat dira. Kasu honetan, negozio ideia buruan izatetik haratagoko pauso bat eman dutenei dago zuzendua, izan ere, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana egina izatea. Era berean, behin beka aldia amaituta, gehienez hiru hilabeteko epean, autonomoetan alta ematea eskatuko zaie bekaren onuradunei.

Eskaerak egiteko epea urriaren 20an amaituko da. Horretarako, interesa dutenek Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri behar dute harremanetan, Lehiberri zentrora bertaratuta, 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

 

ENPRESA IDEIA BERRIAK

DIRU LAGUNTZAK
<30

Emakumea: 1.300 €
Gizona: 1.150 €

>30

Emakumea: 1.150 €
Gizona: 1.000 €

 

ENPRESA JARDUERA BERRIAK

DIRU LAGUNTZAK
<30

Emakumea: 1.950€
Gizona: 1.725 €

>30

Emakumea: 1.725 €
Gizona: 1.500€

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!