Formakuntza honek garrantzi berezia ematen dio mintza praktikari eta hizkuntzak era tekniko batean landuko dira, hori dela eta, ikasleei dagoeneko gramatika maila ertaina izatea eskatzen zaie. Aurtengoan, azken urteotan eskainitako ingeles eta frantses ikastaroei, alemanekoa ere gehitzen zaie.
Guztiz praktikoak eta ahozkoak izango diren ikastaro hauek, parte hartzaileentzat plazak mugatuak dituzte eta urrian martxan jarri eta abendura arte luzatuko dira, guztira 10 asteko (20 ordutako) iraupena izango dutelarik.
Klaseak eguerdi-arratsaldeko ordutegian eskainiko dira, 13:00etatik 15:00ak bitartean hain zuzen, eta hori dela eta lan jarduerekin bateragarriak dira. Astearteetan frantsesa, asteazkenetan ingelesa eta ostegunetan alemanak izango dute leku Lehiberri Zentroko ikasgeletan.
Ohiko den bezala, Lehiberri zentrora atxikita dauden enpresetatik etortzen diren ikasleek lehentasuna izango dute izena ematerakoan, eta honetaz gain enpresa hauek %50eko hobaria izango dute izena ematean.
Izen emateak sarrera-hurrenkeraren arabera hartuko dira kontuan, eta printzipioz enpresa bakoitzeko parte hartzaile bakarrari egingo zaio leku, formakuntza honetan parte hartzeko lekuak murriztuak dira. Enpresa desberdin guztietako parte hartzaileak kontuan izan eta gero, oraindik ere lekurik libre geldituko balitz, enpresa bereko bigarren pertsonei egingo zaie lekua.
Lehiberrik antolatutako formakuntza guztiak bezala, aipatutako izen bereko Apatta industrialdean kokatuta dagoen zentroan eskainiko da, eta 200 euroko (BEZ barne) kostua izango du enpresa atxikituentzat eta 400 eurokoa (BEZ barne) aldiz, ez atxikituentzat.
Informazio gehiago, 943 65 45 01 telefono zenbakira deituta edota lehiberri@tolosaldea.eus email helbidean lortu liteke.