Tolosaldeko ibaietako basoa berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko uztailaren 29a

Aste honetan Tolosaldeko ibai ertzetan erradikazio eta kontrol lanak egiten ari da Tolosaldea Garatzen Aranzadirekin batera.

Ikaztegietatik hasi eta Tolosa, Villabona, eta Asteasu arte, Oria ibaian eta Araxes, Zelai eta Amezketa ibaietan, ibai-ertzetako espezie inbaditzaileak erradikatzeko lanak egiten ari da aste honetan Tolosaldea Garatzen, Aranzadiren laguntzarekin. 28 udalerrietako eremuetan gauzatuko da proiektua eta lan hauen helburu nagusia Tolosaldeko ibai-ertzeetako habitaten berreskuratzea da.

Ingurumen Saileko diru laguntza erabili da proiektua gauzatzeko eta Ura koordinatzen dira lanak. Egitasmoak, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen ingurumen erronketatik hiru uztartzen ditu: bertako espezieen defentsa, exotiko inbaditzaileen erradikazioa eta habitaten berreskurapena.

Lehenik eta behin, honako lau landare espezie inbaditzaileen kartografia egiten da: eskualdeko Reynoutria japonica, Helianthus tuberosus, Cortaderia selloana eta Buddleja davidii. Azken urteetan egindako lanen ondorioak aztertzen dira eta landare hauen erradikazio lanak aurrera eramaten dira. Horretarako, tratamendu mekanikoak eta kimikoak uztartuko dira: lehenik moztu eta gero landare berriei herbizida aplikatuz. Ondoren, bertako landarediaren landaketa lanak egiten dira.

Aurten garrantzi berezia emango zaio Araxes Ibaiari. Izan ere, Babes Bereziko Eremua da Araxes, Europar Batasunaren arabera natura eta ingurumen aldetik garrantzia handia duen eremua, eta, beraz, babes-araudi berezia du eta  proiektu honen bitartez, araudi horrek eskatzen dituen ekintzak aurrera eramango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!