Ibilgailuen tailerrak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko uzt. 14a, 09:12

Denboraldi honetan, gure kotxeekin bidaiak hastear daude. Baina, bidaia hasi baino lehen, gure autoa egoera onean mantentzea ezinbestekoa da gidarion eta beste bidaiarion segurtasuna bermatzeko, nabarmen gutxitzen baitu trafiko-istripuen kopurua. Tolosaldeko KIUBak kotxeen inguruko informazioa helarazi nahi die kontsumitzaileei.

Zer tailer mota aurki dezakegu?

Konpontze edo mantentze lana egitean, bi tailer-mota bereizi behar dira:

Generikoak edo independenteak, hau da, fabrikatzaile bati lotuta ez daudenak. Hauek ezin diote kontsumitzaileari oker eragin diezaiokeen inolako markari zuzeneko aipamenik egin.

Ofizialak, autoaren fabrika-markari lotuak.

Nahitaezkoa da autoa tailer ofizial baten konpontzea?

Ez, ibilgailuaren markako tailer ofizialean edo beste edozein tailerretan konpon dezakegu autoa. Batzuk ez daude sinetsita tailer independente batengana jo dezaketela, ibilgailuaren bermea galduko duten beldur. Baina, badago araudi bat, Europako Batzordeak onartuta eta kontsumitzaileontzat prezioak murrizteko helburuarekin, markako tailer ofizialen eta tailer independenteen arteko lehia sustatu nahi izan duela. Arau horren arabera, ibilgailuaren bermeak estaltzen ez dituen mantentze-lanak eta konponketak, edozein tailer independentetan egin daitezke bermea galdu gabe.

Baina, erne ibili behar dugu! Kontsumitzaileok egiaztatu behar baitugu tailer independente horrek mantentze-lanak edo konponketa ongi eta fabrikatzailearen jarraibideen arabera egiteko beharrezko informazio teknikoa, ezagupenak, ordezko piezak (marka berekoak edo homologatuak) eta lanabesak dituela; bestela, fabrikatzaileak, haren tailer-saretik kanpo egindako mantentze-lanak eta konponketak akastunak direla uste badu eta hala frogatzen badu, bermea atzera botatzea posible da.

Prezioak desberdinak. Zergatik?

Prezioak libreak dira eta tailer bakoitzak bere prezioak finkatzen ditu; baina kontsumitzaileen eskura izan behar dituzte aurrez zehaztu daitezkeen lan edo eragiketen iraupena eta haien zenbatekoa jasotzen dituzten taulak. Halaber, marka baten tailer ofizialek jendearen eskura izan behar dituzte konponketetan erabiltzen dituzten ordezko piezen tarifak eta katalogo eguneratuak.

Hala eta guztiz ere, konponketa egin aurretik, idatzizko aurrekontua izateko eskubidea dugu; tailerrek aurrekontua egiteko beharra dute. Gutxienez, 12 egun balioduneko indarraldia izan behar du eta datu hauek jaso:

- Tailerraren identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea.

- Erabiltzailearen izena eta helbidea.

- Ibilgailuaren identifikazioa: marka, modeloa, matrikula eta egindako kilometro-kopurua.

- Egin behar diren konponketak, konpondu edo ordezkatu behar diren elementuak edota beste edozein lan, eta guztizko diru-zenbateko banakatua.

- Data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.

- Konpondutako ibilgailua entregatzeko aurreikusitako data.

- Aurrekontuaren balio-epea.

- Eta, azkenik, kontsumitzailearen onarpen-data eta bere sinadura.

Aurrekontua onartzen ez bada, autoa entregatu zen baldintza berean itzuli behar du tailerrak.

Autoa konpontzean ager daitezkeen matxura edo akats ezkutuak kontsumitzaileari jakinarazi behar zaizkio, gehienez ere, 48 orduko epean, eta konponketaren zenbatekoaren berri ere eman behar zaio; baina ezin izango da konponketa egin, haren berariazko baimena izan ezean. Enkargua edozein unetan bertan behera uzteko eskubidea dugu, baina autoa jaso arte egindako lanen diru-zenbatekoa ordaindu behar da.

Gordailutze-frogagiriak jasotzea

Ibilgailua tailerrean uztean, gordailutze-frogagiria eman behar digute. Autoa tailerrean dagoen bitartean, adibidez, lapurtzen badute edo kontsumitzailearen izenean isuna iristen bada, frogagiririk gabe, kontsumitzaileok ezin dugulako frogatu aldi horretan kotxea tailerrean zegoela.

Tailer askotan ez dute entregatzen gordailutze-frogagiria nahiz eta legez behartuak egon. Frogagirian, tailerraren, ibilgailuaren eta bezeroaren identifikazio-datuez gain, ondorengoa jaso behar da:

- Autoa konpontzeko utzi bada, egingo den konponketa edota zerbitzuaren deskribapen laburra eta haien zenbatekoak, dagoeneko ezagutzen badira.

- Eskatutako aurrekontua edo, konpondu eta gero, ibilgailua entregatzeko aurreikusten den data.

- Eta azkenik, data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.

Frogagiria aurkeztu behar da aurrekontua edo konpondutako ibilgailua jasotzerakoan.

Zer datu agertu behar da fakturan?

Tailerrak egindako lanak, erabilitako ordezko piezak edo elementuak eta konpontzen emandako orduak, baita kontzeptu bakoitzaren zenbatekoak ere.

Kontsumitzaileak aurrekontua onartzen edo errefusatzen duen esan ez duenean, edo, konpondu eta gero, ibilgailua hiru egun baliodunean erretiratu ez duenean soilik kobra daitezke ibilgailuak tailerrean egindako denbora-gastuak.

Zer estaltzen du konponketen bermeak? Nola egin behar dugu erreklamazioa tailer batean? Galdera hauen erantzuna ezagutzeko irakurri artikulu osoa www.ataria.eus/komunitatea webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!