Tolosaldeko Kontsumitzaile bulegoan jasotzen diren kontsultak hainbat gairen ingurukoak izaten dira, baina besteen artean nabarmentzen dira ondoren adierazitako sektoreetatik eratorritako zalantzak eta kexuak:
• Telefonia eta telekomunikazioena (baimenik gabeko premium zerbitzuak, fakturazio akatsdunak, arreta desegokia, portabilitaterako eta zerbitzuen baja emateko oztopoak, …).
• Oinarrizko zerbitzuen hornikuntza, (kw-aren kalkulua, kontadoreen ordezkapena, jarduera komertzial zurrunak, eskaintza ez gardenak, irakurketa okerrak, mantentze zerbitzuetan baja emateko zailtasunak …).
• Merkataritza (bermealdi epeak, itzulketak, internet bidezko erosketak, …).
• Aseguruak (kontratuetako klausula nahasgarriak, kalte-galeren ordainketa jasotzeko zailtasunak, …).
• Etxebizitza (alokairuen inguruko gatazkak, etxebizitza berrietako bermealdi epeak,…).
• Erakunde finantzarioak (komisioak, maileguetako klausulak, ekarpen subordinatuak,…).
HIPOTEKA MAILEGUEN GASTUAK
Azken gai honek aipamen berezia merezi du. Izan ere, eztabaida handia sortu duen eta Tolosaldeko hiritar asko arduratzen dituen aspektu bat Auzitegi Gorenak, bere 2.015eko abenduaren 23ko sententzian, hipoteka-gastuetako kontsumitzaile-mailegatzailea harremanari dagokionez egindako gehiegikeri-adierazpena da.
Segurtasun juridikoagatik, etxebizitza baten salerosketan, alde batetik kontsumitzaileak salerosketaren eskritura publikoa eta, bestalde, hipoteka-maileguarena sinatzen ditu. Era berean, posible da hipoteka-mailegu subrogazioarekiko salerosketako eskritura publiko bakarra izatea, finka kargatzen duen hipotekadun-maileguaren titularra saltzailea izanik erosleak bere gain hartzen duen kasuan. Beraz, etxebizitza baten erosketak salerosketaren eta hipoteka-maileguaren eskritura publikoari lotutako gastuak eragiten ditu, eraikinaren balioaren %10 eta %15 arteko balioa dutenak eta, haien artean, Notaritzari, Erregistroari, Gestoriari, Tasazioari eta Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko gastu eztabaidagarriak daude.
Zalantzarik gabe salerosketako eskritura publikoari dagozkion gastuak kontsumitzailearen kontura doaz. Hipoteka-maileguaren gastuei buruz ari bagara, ordea, gaur egun gaia ez dago batere argi, ezta auzitegien aldetik ere.
Alde batetik, Notaritza eta Erregistroaren gastuak, gutxi gorabehera gastu totalaren %15 suposatzen dutenak, finantza-erakundeari dagozkiola diote auzitegi guztiek, Notarioaren eta Erregistroaren esku-hartzea eragiten duena ez baita maileguaren izaera bera, hipoteka-berme errealaren sorrera baizik; honen bitartez, finantza-erakundeak etxebizitza itzuli gabeko maileguen berme bilakatzen du eta hipoteka gauzatzeko bide azkar bat ziurtatzen du, hau da, etxebizitzaren salmentari ekinez eta mailegatutako dirua berreskuratuz.
Bestalde, Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko Zergaren, Gestoriako eta Tasazio-gastuen eraginari dagokionez, kontraesanezko sententziak daude, eta azken hauek hipotekaren formalizazioari buruzko gastuaren %85 suposatzen dute gutxi gorabehera. Are gehiago, zergaren kasuan, auzitegi batzuek halako zergaren ordainketa erabiltzaileari dagokiola pentsatzen dute, hau da, erabiltzailea Zergaren subjektu pasiboa izango litzatekeela; eta, alderantziz, beste auzitegi batzuek finantza erakundeari dagokiola pentsatzen dute, Ekintza Juridiko eta Dokumentatuen gaineko Zergaren subjektu pasiboaren kondizioa mailegatzaileari eransterakoan, Araudiak Zergari buruzko Legea, Espainiako Konstituzioa, Kontsumitzaileetako eta Erabiltzaileetako Defentsarako Lege Orokorra eta 93/13/EEEaren Direktiba urratzen duelako.
Hau guztia kontuan hartuz, Tolosaldeko KIUB-etik kontsumitzaileei ematen ari gatzaizkien gomendioa, zuhurtasunari buruzko aipamena eginez, aspektu hauek guztiak argitu arte itxarotea da. Horrela, Tolosaldeko kontsumitzaileek beraien erreklamazioa jarri ahal izango dute eskatu behar duten diru kopurua zein den ezagutuz. Epaitegiz kanpoko erreklamazioari dagokionez, erakunde finantzarioak orokorrean, ez daude oraindik kontsumitzaileek eskatutako hipoteka-gastuak itzultzeko prest autoritate eskudunen aldetik zigorrik ez dutelako jaso. Beraz, kontsumitzaileak, bide honetatik hasiko balira, gerta daiteke erakundeak haien eskaerari uko egitea, edo, aitzitik, bakarrik Notaritza eta Erregistroko gastuen itzulketa onartzea. Azken kasu honetan, finantza-erakundeek ordainetan, gainerako hipoteka-eratze-gastuen erreklamaziora zuzendutako ondorengo legezko pausoei uko egiteko dokumentu bat sinatuarazteko beldurra dugu; izan ere etorkizun batean, auzitegi gorenek atzera eraginez ebatzi dezakete hipoteka-gastuak kontsumitzaile-mailegatzaileari inposatzea gehiegikeria dela; kasu horretan uko-dokumentuaren balioa eztabaidagarria izango litzateke hala ere.
Auzibideagatik egindako erreklamazioari dagokionez, eskatu beharreko diru kopurua edozein izanda ere, kontsumitzaileak abokatuak eta prokuradoreak lagunduta joan behar du auzitegira. Beraz, gaur gaurkoz kontu nahasia izanik, kontsumitzaileak erreklamatu beharreko kopurua eta horrek eragingo dizkion gastuak aintzat hartu beharko ditu ezer erabaki aurretik.