Tolosaldea Garatzeneko Migrazio eta Aniztasun saila, migrazio eta aniztasunarekin lotutako gaien eskualdeko kudeaketa eta eragile ezberdinen arteko koordinazioaz arduratzen da. Azken urtetan, indar berezia jarri da jatorri ezberdinetako pertsonen estereotipoak hautsi eta aurreiritziak zalantzan jartzen, kalean zabaltzen diren jatorri ezberdinetako pertsonen aurkako zurrumurruei erantzuteko hainbat ekimen sustatuz.
2012an mugikorrekin modu parte hartzailean grabatutako Tolosaldeko burrunbak dokumentalean, eskualdeko aniztasuna ezagutarazteko ekimen garrantzitsua aurrera eraman zen. Bertan hain ohikoak ez ziren leku ezberdinetan jaiotako tolosaldarren errealitatea gerturatzeko aukera paregabea eskaini zen. Urte horretan ere hasi ziren Tolosaldeko familiak Bizilagunak proiektuko bazkarietan parte hartzen, elkar ezagutzeko eta aurreiritziak puskatzeko espazio ezin hobea izaten jarraitzen duelarik urtero azaroan ospatzen diren hainbat bazkarietan.
2013an Villabonan egindako zurrumurruen aurkako lehenengo formazio saioek agerian utzi zuten Tolosaldean hainbat eragile eta pertsona ez zeudela ados gailentzen ari zen etorkinen aurkako diskurtso xenofobo eta baztertzailearekin. 40 lagunetik gora hurbildu ziren antolatu ziren lau saioetara.
Formazio saioetan ikasitako gauza garrantzitsuenetariko bat zurrumurruen aurrean ez dela isildu behar izan zen. Erantzuten ez bada, diskurtso baztertzailea nagusitzen da eta gehienetan oinarririk ez duten argumentuak egia absolutua izango balira bezala hartzen dira –ikusi besterik ez dago azken hilabetetan lurralde ezberdinetan eskuin muturreko diskurtsoek lortu dutena–.
Beraz eskualdean indarrean zeuden zurrumurruak aztertu –Euskal Herriko eta munduko beste lekuetan gailentzen diren zurrumurruen antzekoak, izan ere, diskurtso arrazistak oinarri antzekoak ditu lurralde ezberdinetan– eta hauek sustengatzen duten diskurtsoa zalantzan jartzeko baliabideak eskaini ziren. Zergatik zabaltzen ditugu guztiok? Inor ez dago aurreiritzietatik aske pertsona-talde batzuren aurkako funtsik gabeko zurrumurruengatik? Zergatiak ezagutu, une horretan diskurtso baztertzaileak duen pertsona entzun, berari galderak eginez zalantzan jarri eta bestelako jarrera eraikitzen hasteko lehenengo pausuak eman genituen.
Zurrumurru batzuen kasuan, besterik gabe faltsuak izaten dira eta besteen kasuan erlatibizatu behar direla eta bigarren irakurketa bat merezi izaten dute. Zenbait datu edukitzea ondo dago, baina alderdi emozionala askoz gehiago landu behar da. Nondik ari da hitz egiten jatorri ezberdinetako pertsonen aurka ari den pertsona? Datu bila iturrietara jotzeko gonbitea luzatu, hitz egiten duen pertsonarekin enpatia jorratu eta inor konbentzitu baino, esandakoa zalantzan jarri.
Azken urte hauetan egindako zurrumurruei erantzuteko formazioetan arreta berezia jarri da jatorri atzerritarreko emakumeen aurkako aurreiritzietan, Tolosako Berdintasun sailarekin elkarlanean, Jabekuntza Eskolaren barruan antolatu diren ikastaro ezberdinetan.
Gai honen inguruan erakunde, udal eta elkarte ezberdinen elkarlana ikusarazteko 2014ko ekainean Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian, Gipuzkoako ZurrumurruEZ sarea aurkeztu genuen. Bertan Tolosaldea, Gipuzkoako beste zenbait udalekin batera (Zarautz, Ordizia, Eibar, Hernani, Astigarraga eta Errenteria) sarearekin bat egiten zutela adierazi zuen.
2011tik Euskadi mailako sarean lanean aritu baginen ere, 2016an aurkeztu zen publikokiZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarea, Donostiako udaletxean egin zen aurkezpenean Tolosaldea Garatzen eta Tolosaldeko hainbat udal egon ziren. Zurrumurruen aurkako konpromisoa hartu dutela azaldu eta, xenofobia- eta diskriminazio-ereduak sustatu nahi dituzten proposamen politiko eta diskurtsoak ahultzeko. Giza eskubideek lehentasuna dute, eta eskuratu ditugun gobernu-moldeek barne hartu behar dituzte; horretarako, beharrezkoa da erakundeek irmoki uko egin diezaietela xenofobiari eta arrazakeriari.
ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sareak ezinbestekotzat jotzen du:
• Arrazakeria eta xenofobia prebenitu eta ezabatzeko politika publikoak nahiz gizarte-estrategiak bultzatzea, ikuspegi deskolonizatzaile batetik eta elkargunea bilatuz.
• Immigranteek egindako ekarpenak azpimarratzea, eta Euskadiko biztanle guztien aukera berdintasuna bermatzea, baita sustapen sozial, ekonomiko eta kulturalerako aukerak indartzea ere.
• Kulturartekotasunaren aldeko eta arrazakeriaren aurkako jarrerak sustatzen dituzten hedapen- eta sentsibilizazio-ekintza nahiz estrategiak aktibatzea, zurrumurruen aurkako sareak sendotuta eta hezkuntzari arreta berezia eskainita, formalari zein ez-formalari.
• Etika publikoa sustatzea, zeinak herritarrak kontzientziatuko dituen eta edozein arrazakeria- edo xenofobia-aztarna ezabatuko duen.
• Alderdi politiko guztiek kode etikoa bereganatu dezatela gomendatzea, konpromisoa hartu dezaten demagogia eta populismorik ez egiteko immigranteen inguruan; bai eta mekanismoak ezarri ditzatela ere, konpromiso hori betetzen ez dutenak zehaztuz.