Bidaiarion eskubideak 'overbooking' kasuetan, airezko garraioan

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko api. 21a, 11:06

Aste Santuan gaude, uda begi-bistan dugu eta aireportuek denboraldi hauetan ohikoa den trafikoaren igoera izaten dute. Honek arazo desberdinak sortarazten ditu; beraz, airezko garraioaren erabiltzaileen erreklamazioak nabarmen handitzen dira. Arazo horien artean overbooking-a dago. Horregatik eta arazo honen efektu negatiboak nolabait arintzeko, Tolosaldeko Udal Kontsumo Bulegotik datu eta aholku baliagarri batzuk eskaini nahi ditugu.

Zer egin behar dugu bidaiariok overbookingaren aurrean? Zeintzuk dira gure eskubideak?

Aire-konpainiek erreserba gehiegi egiten dutenean eta hegazkina hartzea ukatzen digutenean overbooking-a edo gainerreserba sortzen da. Legezko praktika bat da, erosi dituzten pertsonen arteko ehuneko jakin batek ez duelako hegaldia hartzen, konpainien aurreikuspenen arabera. Overbooking-a nolabait saihesteko aldez aurretik aireportura joan eta untzirapen txartela eskuratzea komenigarria da. Dena dela overbooking-a suertatuz gero, aire-konpainiak zenbait onuren truke hegaldi-erreserbari uko egingo dien boluntarioak eskatu behar ditu. Beren burua aurkeztu dutenak nahikoa ez badira, aire-konpainiak bidaiarioi ontziratzen ez uzteko eskubidea du, gure borondatearen kontra. Kasu horretan erabiltzaileok konpainiaren mostradorera jo, erreklamazio orria eskatu eta bete behar dugu.

Eskubideak geure burua boluntario aurkeztu ez dugunean

1. Informazio-eskubidea: Ditugun eskubideei buruzko informazioa idatziz jasotzeko eskubidea.

2. Dirua itzultzeko edo ordezko garraio-moduren bat izateko eskubidea. Aire-konpainiak aukera hauek eskaini behar dizkigu: Hegazkin-txartelaren diru kopuru osoa itzultzeko eskubidea: gehienez ere zazpi eguneko epean itzuliko digu, bai egin ez diren bidaiako zatiei dagokiena, bai egindakoena, hegaldia jada egingo ez bada. Kasu horretan, gainera, abiapuntura itzultzeko hegaldia izateko eskubidea ere badugu, ahalik eta lasterren.Ordezko garraio-moduren bat izateko eskubidea: helmugara eramango zaituen ordezko beste garraio-moduren bat izateko eskubidea, ahalik eta lasterren, edo komeni zaizunean.

3. Doako arreta-eskubidea: Behar beste jan eta freskagarri eman behar digu, aire-konpainiak eskainiko digun ordezko garraioa izateko itxaron beharko dugun denboraren arabera. Gaua(k) igaro behar izanez gero, ostatua eta aireportuaren eta hotelaren arteko garraio-zerbitzua eman behar digu. Bi telefono-dei, telex edo fax-mezu edo mezu elektroniko bidaltzeko aukera eman behar digu.

4. Konpentsazioa jasotzeko eskubidea 250 euro, 1.500 km baino laburragoko hegaldietan. 400 euro, Europar Batasun barneko 1.500 km baino luzeagoko hegaldietan, eta 1.500-3.500 km-ko gainerako hegaldietan. 600 euro, Europar Batasunatik kanpoko 3.500 km baino luzeagoko hegaldietan. Konpentsazioak dirutan ordainduko dira (ez badugu nahi bidaia-txartelekin edo bestelako zerbitzuekin).

Eskubideak geure burua boluntario agertu dugunean

Aire-konpainiarekin adostutako abantailez gain, dirua itzultzeko eskubidea edo ordezko garraio-moduren bat izateko eskubidea izango dugu.

Non eta noiz aurkeztu behar dugu erreklamazioa?

1. Hegazkin-txartela aire-konpainiarekin kontratatu badugu:

Aire-konpainiara jo behar izango dugu. Beraz: Posible bada, ahalik eta azkarren, aireportuan bertan eskatu eta erreklamazio orria bete beharko dugu, hau da, aireportutik irten baino lehen. Bestela, aire-konpainiaren bezero arreta sailera idatzizko erreklamazio bat bidali beharko dugu.

Tiket eta faktura guztien kopiak erantsi behar ditugu, hau da, beti originalak gorde behar ditugu.

Erantzunik jasotzen ez badugu edo erantzunarekin ados ez bagaude, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentzian (AESAn) beste erreklamazio bat aurkez dezakegu, Espainiatik irteten diren hegaldi guztien kasuan eta Europar Batasunekoa ez den herrialde batetik irten eta helmugako herrialdea Espainia deneko kasuan, betiere Europar Batasuneko konpainia bada.

2. Bidaia konbinatua edo opor-paketea kontratatu badugu bidaia-agentzia batean:

Kasu horietan, bidaia-agentziara edo tour-operadorera jo eta erreklamazio-orri bat bete beharko dugu. Erantzunik jasotzen ez badugu edo erantzunarekin ados ez bagaude, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Zuzendaritzara jo beharko dugu.Ekintzek ez dute preskribitzen gertaera suertatu eta bi urte pasa arte. Dena dela, komenigarria da lehenbailehen erreklamazioa egitea, aireportuan bertan hobe. Konpainiari lehendabizi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!