Gure ura zaintzea, gure lurraldea zainduz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2017ko mar. 24a, 10:42

Martxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Baina zer da URA? Eskuak garbitzeko etxeko txorrotatik datorren elementu likidoa? Gure herriak gurutzatzen dituen ibaia edo erreka? Bertako landaredia eta animaliak bizirauteko ekosistemen lokarria? Edo lasaitasuna, bakea eta hainbat emozio sortarazten dituen paisaia?

Urak ikuspegi asko ditu eta guztiak lurraldeari lotuta daude. Ura zaintzea gure lurraldea zaintzea da; gure bizitza eta ondoren datozenen bizitza zaintzea, ondorioz. Hori da aurten gure eskualdeko ikastetxeetan, Tolosaldea Garatzenetik eta Eskola Agenda 21 programaren bitartez zabaldu nahi dugun mezua. Ura ikusten duguna dela baina baita ere ikusten ez duguna, eta guri dagokigula errespetuz eta jasangarritasunez kudeatzea. Urak dituen dimentsio guzti horiek maila desberdinetako ikasleekin lantzen hasi gara: uraren zikloa ezagutzea, uraren kontsumoaz eta honen balioaz herritarrak jabetzea; herriko iturriak ezagutzea edota herriko errekara irteera eginaz, bertako animalia eta landaredia aztertzea, gizakiak duen uraren erabileraren inpaktua ezagutzea, etab.

Izan ere, uraren eskasia kezkagarria da munduko txoko gehienetan: 663 milioi pertsonak ez du eskuragarri edateko ura eta 1.400 haur hiltzen da egunero munduan edateko urik ez edukitzeak sortzen dituen gaixotasunengatik. Nazio Batuek, Unicef-ek eta hainbat ingurumen erakundek eta ekologistek 2015ean eginiko txosten eta azterlan ugarik azpimarratzen dute ur-eskasia dagoela kontinente guztietan, gizakien jarduera dela medio, hala nola, baliabidearen erabilera irrazionala, ibai-arroen deforestazioa eta aldaketa klimatikoa. Kalkuluen arabera, 2050ean, herrialde pobretuetako ur-eskaria %55 handituko da eta horrek herrialdeen artean gatazkak gertatzeko arriskua areagotuko du. Uraren afera, XXI. mendeko gizakiek aurre egin beharreko erronka garrantzitsuena izango da.

Gurean, uraren eta lurraldearen kudeaketa jasangarriaren garrantziaz ohartzea dagokigu. Eta txikienekin lanketan hastea da gure erronka. Tolosaldea Garatzenek bost urte daramatza eskualdeko ibaietako ekosistemak babesteko landare espezie inbaditzaileak ibai-ertzetatik desagerrarazten eta bertako landaredia berreskuratzen. Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Tolosako Ingurumen Zentroaren eskutik, aurten, Derrigorrezko Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako Tolosaldeko ikasleak ibaira gerturatuko ditugu. Ibaiaren inguruan ibilbideak egingo dituzte ibaiek eta ibai-arroek duten garrantzia ezagutzeko, bertako landaredia eta landaredi inbaditzailea desberdintzeko, azken honek sortzen dituen kalteak ezagutzeko eta azkenik, ur-ekosistema, gure bizitzaren oinarrizko ondasuna dela gogoan edukitzeko. Uraren inguruan kultura berri baten aldeko haziak ereiten.

Izan ere, biodibertsitatea, nekazaritza, industria, osasuna, ingurumen kalitatea eta lurralde osoaren eta bere biztanleen garapena, URAren, bere kalitatearen eta bere kontsumo eta kudeaketa ereduaren menpe daude. GU gara URA. Zaindu dezagun, zaindu gaitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!