Zein da plan honen helburua? Energia kontsumoa eta menpekotasuna jaistea alde batetik, ahultasun energetikoei konponbidea eta energia berriztagarriei bultzada bat ematea, bestetik.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin abian jarri dira irailetik hona ekintza desberdinak gure eskualdetako udalerrietan. Energiaren inguruan ezjakintasuna handia dago orokorrean, elektrikoa oso sektore iluna da eta iluntasun hori argitzea da ekintza hauen gakoa. Inor ez dadila geratu jakin gabe zer ordaintzen ari den eta energia elektrikoak kobratzen dioten adina kostu duen. Horretarako, energia tailerrak antolatu dira, informazioa modu profesional ulerterraz eta praktiko batean helaraziz, ordu t'erdiko saioetan. Aduna, Alegia, Altzo, Anoeta, Asteasu, Ibarra, Irura, Orendain eta Tolosako herritarrak aukera izan dute bai kontratazio energetikoaren inguruan, baita etxeko tresnak elektriko edo termikoak modu egokiago baten erabileraren inguruan aholkuak jasotzeko eta dudak argitzeko.
Horrez gain, energia azokak ospatu dira Aduna, Anoeta, Asteasu eta Tolosan. Usurbilgo Lanbide Eskola, Zubigune Fundazioa eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duten azoka da eta Tolosako Azokaren kasuan Tolosako Udala eta Tolosaldeko Lanbide Eskolak ere hartu dute parte. Energia aurrezteko eta sortzeko teknologien erakusketa ibiltaria da, eraginkortasun energetikoaren kultura erakustarazi eta energia garbien erabilera herritarrengana gerturatzeko helburu dituena. Herritarrek oso gustura hartu dituzte energia iturri bakoitzarekin inguruan ikasleen eta irakasleen azalpen teknikoak. Eta datorren urtera begira beste herrietara zabaltzeko asmoa du Tolosaldea Garatzenek.
Herritarren dudak eta kontsultak banaka erantzuteko aukera izan ere egon da hilabete hauetan. Aduna, Altzo, Asteasu, Berrobi eta Bidania-Goiatzeko udalen laguntzarekin energia bulego ibiltari bat egokitu du Tolosaldea Garatzenek. Energia aditu bat egon da udalerri hauetan fakturazioari buruzko azalpenak, kontratazioa, eraginkortasun neurriak, energia berriztagarrien aukerak, diru laguntzak, etabarrak argitzeko zerbitzua eskainiz.
Udaletako gizarte zerbitzuekin harremanetan jarrita, energia arloan kalteberatasun egoeran dauden familientzako ekintza bat prestatu dugu. Etxeen egoera energetikoa hobetzeko neurri batzuk barneratu du ekintza honek: aholkularitza, etxebizitzaren diagnosi energetiko xumea, energia fakturazioaren azterketa eta etxetresnen eta instalazioen erabilera egokia egiteko iradokizunak eta hobekuntzak proposatu ditugu. Tolosaldea Institutuarekin hasi gara lan hori egiten, Tolosako eta Ibarrako udalerrien laguntzarekin.
Honen guztiaren garrantzia herritarrei helarazteko laster jarriko dugu abian komunikazio kanpaina bat, motibazio bideo batzuen bitartez eskualdeko biztanleengan energiaren erabilera eraginkorraren kontzientzia pizteko.
Azkenik, Tolosaldeko Energia Mahaia sortu da, Tolosaldea Garatzenen eskutik. Eskualdeko udal ordezkariek osatuta dagoen mahai honen bitartez, 2017ra begira energia arloan lehenetsi behar diren lan-ildoak eta ekintzak erabaki dira, epe ertain eta luzeari begira, eskualdeko energia politikaren ardatz sendoak finkatuz.