Loteriaren inguruko ohiko galderei erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko abe. 2a, 09:42

Zergak ordaintzen al dituzte Loteriako sariek? Iraungikortasunik ba al dute txartelek? Zer azaldu behar du Loteriako partaidetza batek legala izateko? Saria kobratu daiteke txartela apurtuta edo hondatuta badago? Loteriaren inguruko ohiko galderei erantzuna eskaintzen die Tolosaldeko Kontsumo Bulegoak.

Non kobratzen dira Loteriako sariak?

3.000 euro arteko sariak loteria administrazioetan kobratzen dira zuzenean. Hortik gorako saria duten dezimoak Espainiako Bankura eraman behar dira eta horrek guk esandako finantza entitateari egingo dio transferentzia; edo gure finantza entitateari eraman eta honek Espainiako Bankuarekin bideratuko du sariaren ordainketa.

Zergarik ordaintzen al dute sariek?

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, Loterías y Apuestas del Estado erakunde publikoak antolatzen dituen zozketetako 2.500 eurotik gorako sariek %20ko zerga ordaintzen dute.

Iraungikortasunik ba al dute Loteriako txartelek?

Bai, zozketaren hurrengo egunetik aurrera hiru hilabeteko epea dago saria kobratzeko.

Legala izateko zer datuak azaldu behar ditu Loteriako partaidetza batek?

Loteria-txartela betetzen duenaren identifikazioa. Jokatzen den zenbakia eta loteria-partaidetzaren salneurria. Zozketaren data. Loteria-txartela edo dezimoa gorde dituenaren erabateko identifikazioa.

Saria kobratu dezaken bakarra txartela edo dezimoa daukana da, eta gero partaidetza dutenei dagokien zatia ordaindu behar die.

Zer egin daiteke saridun txartela apurtuta edo hondatuta badago?

Fotokopia bat egin ondoren, Loterías y Apuestas del Estado erakundeari helarazi behar zaio txartela (zuzenean edo loteria administrazio zein Espainiako Bankuaren bitartez) baliokoa den ala ez jakiteko. LAE-ek ezetz badio, helegite administratibo bat egin daiteke. Azken aukera Ekonomiako Ministeritzari altxada-errekurtsoa aurkeztea da.

Kontuz Loteriaren salmentan ematen diren iruzurrekin.

Gero eta iruzur gehiago egiten dira loteria eta bestelako apustuen salmentetan, batez ere Gabonetako eta Erregetako zozketetan. Aldizkarietako iragarkiak eta Internet dira iruzurra egiteko biderik erabilienak. Jakin behar dugu loteriako salmenta legala Espainiar Estatuan egoitza duten saltokiek soilik egin dezaketela. Edozein eskaintzaren aurrean loteria saltzailearen egoitza non dagoen egiaztatu behar da.

Nora jo loteriaren inguruko zalantzak argitzeko?

Loterías y Apuestas del Estado erakunde publikoarengana: Capitán Haya, 53, Madrid, 902 112313 edo www.loteriasyapuestas.es.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!