«Merkatuaren beharretara egokitzen jakin behar du pertsonak»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko urr. 19a, 12:10

Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Zerbitzuko lan taldeko kide dira Leire Otaegi eta Izaskun Iturbe. Beraien egunerokoan, orientazio zerbitzua eskaintzeaz gain, enpresen eta lan eskatzaileen arteko zubi-lana egitea egokitzen zaie.

Enplegu zentrora hurbiltzen den jendea ikusita, zein da eskualdeko argazkia?

L.O.: Alde batetik, prestakuntza izugarria daukan jendea daukagu, eta bestetik, prestakuntza maila baxua duena. Lanari dagokionean berriz, lana badagoela esan dezakegu, baina batzuetan, lan eskaintza horien baldintzak nahiko eskasak dira.

I.I.: Industriak pisua galtzen duen heinean ikusten da, gainontzeko sektoreetako kontratuetako lan baldintzak industriakoak baino okerragoak direla. Hala ere, aipatzekoa da, industriako lan baldintzak hobeak baldin badira ere, exijentziak ere handiagoak direla. Lanpostura sartzera doan ezagutza maila altuagoak eskatzen dituzte, eskulan kualifikatua behar da egun.

Enpresek eskatzen dituzten langileen profilak aldatu egin dira beraz.

I.I.: Industriari dagokionean behintzat bai, lan kualifikatuaren beharra handiagoa da eta ekoizpenerako jendea edo lanbiderik ez dutenentzat lana badago baina gutxiago.

L.O.: Industrializazio garaia igaro da eta orain beste nonbaitera garamatza. Ondorioz, denak egoera horri egokitu nahian gabiltza: formazio zentroak, enpresak, ikasleak, langileak… Aldaketa horiek oso azkar ari dira ematen eta teknologiak aldaketa horrekin zerikusi handia du. Ondorioz, lan merkatu horretan aurrera egiteko, etengabe egokitzen jakin behar dute langileek, enpresek etab. Eta horrek, beste lan egiteko modu bat suposatzen du.

Eta zer egin behar du pertsona batek ingurune ezegonkor horretan aurrera egiteko, eta kanpoan ez geratzeko?

L.O.: Bai enpresak eta baita langileak ere, bakoitzak dituen gaitasunetan sakondu, barne konfiantza areagotuz, jakinda, lan mundua oso aldakorra dela.

I.I.: Merkatuaren beharretara egokitzen jakin behar du pertsonak, eta jakitun izan, bizitzan zehar ikaste prozesu bat eman behar duela. Barne indarguneak, gaitasunak lantzearekin batera, jakintza ere garatuz joan behar baita, azken batean, merkatuaren beharretara egokitzen jakin behar da.

Enplegu zerbitzutik, gazteei zuzenduta, norbere gaitasunak lan merkatuan balorean jarri eta etekina ateratzen ikasteko zenbait programa dauzkazue martxan.

L.O.: Une honetan bi programa dauzkagu (Hazilan eta Txertatu) martxan: lehendabizikoa unibertsitate edota goi mailako prestakuntza zikloa duten, eta langabezian dauden 20-35 urte bitarteko gazteentzako da. Eta bigarrena 16 urtetik 35 urte bitarteko gazteentzako da, ikasketarik ez dutenentzat edota gehienez erdi mailako ziklo bat dutenentzako. Bietan ere, norberaren gaitasunak kudeatzen irakasten da eta proiektuak nahiz praktikak egiteko aukera ematen da.

I. I. : Horrez gain, Lehen Aukera programa daukagu martxan. Bertan, enpresei diruz laguntzen zaie ikasketak izan eta esperientziarik ez duten gazteak kontrata ditzaten. Gazte hauek 30 urte baino gutxiago izan behar dituzte eta lehentasuna dute 25 urte baino gutxiago eta Gazteentzako Barne Sisteman izena emanda daudenek.

Horrez gain, Tolosaldeko herritar guztiei zuzenduta, zerbitzu zabala eskaintzen duzue Enplegu zetroan eta orientazioan oro har.

L.O.: Bestalde, Enplegu zerbitzutik lan merkatuan sartzeko erremintak lantzen ditugu, taldeka nahiz banaka. Horien artean: LinkedIn, test psikoteknikoak, lan elkarrizketak, lan kontratuak, curriculum-ak, lan hitzarmenak, lana bilatzeko webguneak… Horrez gain, lan eskaintzak kudeatzen ditugu, hau da, hautaketa prozesuak aurrera eramaten ditugu, eta horretarako, Lanbideko datu basea erabiltzen dugu nahiz gure datu basea. Honela, eskualdeko langabetu eta lanez aldatu nahi dutenen datuak dauzkagu. Amaitzeko, eskualdeko Enplegu programa ere martxan daukagula gaineratuko nuke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!