«Erakundeen eta enpresa publiko eta pribatuen arteko elkarlana aberasgarria eta ezinbestekoa da»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko urriaren 17a

Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzeneko lehendakariaren arabera, erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia du. Bere ustez, jardun ekonomikoa sustatu eta lan aukerak sortzeko ezinbesteko baldintza da.

Enpleguari dagokionean, gauzak hobetuz doazela dirudi baina, egun, Tolosaldea zein egoeratan dago?

Gure azken datuen arabera, eskualdean 2.679 langabe daude eta horrek %11,8ko langabezi tasa suposatzen du. Azken 8 urtetan langabezia %60 igo da, eta ondorioz ezin da esan egoera ona denik. Hala ere, 2012an inflexio puntu bat eman zen eta geroztik bilakaera positiboari eusten ari gara. Gure helburua joera horri bultzada ematea da.

Udalontzat lehentasunezko gaia da enpleguarena. Honako hau sustatzeko zer ekintza ari zarete gauzatzen?

Beste ekimen ugariren artean Enplegu Plana nabarmendu beharra dago. Plan horren bidez, eta Lanbideren finantzazioari esker, 343.000 euro jarriko ditugu langabezian dauden kolektiboak lan merkaturatzen laguntzeko. Aurtengo ekintza nagusia Enplegune topaketa izango da, eta bertan 60 kontratazio berri sustatuko ditugu eskualdeko enpresetan.

Iazko Enplegu programaren balorazioa positiboa izan da. Zer onura ekarri dizkio eskualdeari?

Datuei erreparatu besterik ez dugu egin behar: 52 lanpostu eskaini ziren, eskualdeko 45 enpresa ezberdinekin, eta dirulaguntza programa amaitutakoan, 23k enpresa berean jarraitu dute lanean, %44ak hain zuzen. Enpresa eta langabetuen artean balorazio positiboa erakarri du programak eta enpresei bideraturiko kontratazioetarako diru laguntzak enpleguaren sorreran lagundu dutela ikus daiteke. Erakundeen eta enpresa-entitate publiko eta pribatuen arteko elkarlana aberasgarria eta ezinbestekoa da eskualdeari begira, eta jardun ekonomikoa sustatu eta lan aukerak sortzeko helburua oinarri izanik, bide horretan jardungo dugu etorkizunean ere.

Aurrera begira, zeintzuk dira emango dituzuen pausoak?

Orain arte bezala, bi ardatzetan bideratuko ditugu gure ekintzak: batetik, langabetuekin lanean ariko gara orientazioa eta formazioa eskainiz, lan merkatuan duten posizionamendua hobetzeko; eta bestetik, kontratatzaile potentzialekin ere (enpresak, merkatariak…) jardungo dugu hazkundea bultzatu eta lehiakorrago izateko behar dituzten tresnak eskuratzen lagunduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!