«Asteburuetan lan egiteko prest dagoen jendea topatzeko zailtasunak ditugu»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko urriaren 16a

Begiristain sagardotegia Ikaztegietan dago kokatua, eta bertako nagusia da Iñaki Begiristain. Une honetan denboraldi berrirako sagardoa ekoizten dihardute XVI. mendeko Iturrioz baserrian. Sagardotegiak iaz hartu zuten parte Enplegu Programan.

Zergatik erabaki zenuten iaz enplegu planean parte hartzea?

Sagardo denboraldirako langileak behar genituen eta aukera ona iruditu zitzaigun. Proba egitea erabaki genuen.

Enplegu planaren zer nolako balorazioa egiten duzue?

Balorazio ona egiten dugu. Nahiz eta gure sektorean lan egiteko jende gutxi aurkeztu zen.

Sagardotegiko lanak zein ezaugarri ditu?

Sagardotegiko lanak bitan banatuko genituzke. Batetik txotx garaian, jatetxeko lanak izaten dira: sukaldari, zerbitzari... lanak. Bestetik upategiko lanak dauzkagu: sagarrondoak zaintzetik, sagardoa ekoiztu, botilaratu, merkaturatu, banatu... bezalakoez osatua.

Sagardotegi baterako zer profiletako jendea behar izaten duzue? Zein ezaugarri izan behar ditu langileak?

Bezeroekin lan egiteko jende jatorra, atsegina, aktiboa eta langilea izatea baloratzen dugu. Hau da, balio anitzekoa. Eta era berean, taldean lanean ondo moldatzen dena. Horrez gain, bezero gehienak euskaldunak izaten direnez euskal hiztuna izatea ere baloratzen dugu.

Sagardotegietan oro har, langileak kontratatzeko garaian zailtasunik izaten al duzue?

Bai, izaten ditugu. Ez da erraza jendea aurkitzea. Asteburuetan lan egiteko prest dagoen jendea topatzeko zailtasunak ditugu. Bestalde, sukaldariak ere, nekez aurkitzen dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!