«Norbait kontratatzeko garaian, oro har, nagusiki kontuan hartzen duguna jarrera da»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko urr. 15a, 09:38

Ehun urtetik gora dituen Cartonajes Limousin enpresako gerentea da Iñaki Ormazabal. 2014an hartu zuten parte Tolosaldeko Enplegu Programan eta egitasmoaren balorazio «positiboa» egin du.

Zergatik hartu zenuten parte Enplegu Programan?

Orduan irailean izan zen Enplegunea. Eta gure kasuan, urte garai hori kontratazioak egiteko momentu egokia izaten da, negurako proiektu berriak orduan sartzen baitzaizkigu. Eta kasu hartan horrela izan zen, proiektu berri bat genuen esku artean eta hori aurrera eramateko jendea behar genuen. Hori dela eta, Enplegu programak eskainitako aukera aprobetxatu genuen eta horra bideratu genuen kontratazioa.

Zein da zuen balorazioa?

Gure balorazioa oso positiboa da. Aukera ona iruditu zitzaigun eta emaitza ona izan da. Egun, gainera, orduan kontratatu genuen pertsonak gurekin lanean jarraitzen du kontratu finko batekin.

Zein da zuen jarduera? Zer lan egiten duzue?

Guk kartoi ondulatua ekoiztu eta eraldatzen dugu. Paperetik abiatzen gara, gure lehengaia papera da eta honekin kartoi ondulatua sortzen dugu. Eta eskaeraren arabera kartoi hori eraldatu egiten dugu, batez ere, kaxak egiten ditugu.

Langile bat kontratatzeko garaian, zer da baloratzen duzuena?

Postuaren arabera aldatu egiten da baina, oro har, jarrera da nagusiki kontuan hartzen duguna. Esaterako, eskulan zuzenerako, makinak eramateko norbait kontratu behar dugunean, jakituria bat izatea baloratzen dugu, baina bereziki, jarrera da kontuan hartzen duguna. Finean, hasiera batean jakintza ez izan arren, jarrera ona duenak, denborarekin ikasiko baitu.

Zuen kasuan zailtasunak izaten al dituzue langileak aurkitzeko?

Krisia hasi aurretik, garai jakin batean, jendea aurkitzeko izan genituen arazoak. Askok enpresa handietara joan nahi baitzuen lanera. Baina azken urteetan ez dugu zailtasunik izan eta argitaratu ditugun deialdietan erantzuna oso ona izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!