Zergatik erabaki duzue enplegu planean parte hartzea?
Alde batetik, gaur egun, eskualdeko enpresa eta erakundekin harremana izatea ezinbestekoa delako. Eta bestetik, espero dugulako, egiten dugun lanari esker, eskualdeko langabezia tasa jaisten lagunduko dugula.
Ze espektatiba dauzkazue? Zein da zuen helburua?
Langile berriak lanpostura ondo egokitzea da gure nahia. Bestalde, gure helburua da ahalik eta lanpostu egonkor gehien osatzea.
Zein da zuen jarduera? Zer lan egiten duzue?
Beste enpresa batzuei zerbitzuak eskaintzen dizkiegu. Gaur egun, gure lan nagusiak osasun arloko kit muntaia eta metalezko altzarien muntaia dira.
Zuen arloan zer profiletako jendea behar izaten duzue? Zein ezaugarri izan behar ditu langileak? Zer da baloratzen duzuena (esperientzia, jarrera, formazioa...)?
Oro har, esku lanetan trebeak diren eta ezgaitasun ziurtagiria duten pertsonak aurkitzen ditugu.
Langile bat aukeratzeko garaian, zer da baloratzen duzuena?
Bereziki jarrera da kontuan hartzen duguna. Jarrera egokiko pertsonak bilatzen ditugu. Exekuzio eta trebezia egokia baldin baditu berriz, oraindik eta hobeto. Horrez gain, autonomia maila garatua izatea ere baloratzen dugu.
Oro har, langileak kontratatzeko zailtasunik izaten al duzue?
Kontratazio garaian ez dugu oztopo handirik topatzen. Baina, hauek duten exekuzio maila baxua dela eta zenbait eginbehar egiteko, arazoak izaten ditugu langile berri batzuekin.