Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean, eta Lanbideren finantziazioarekin martxan jarritako Eskualdeko Enplegu Programaren barruan, Tolosaldeko Hirugarren Enplegunea egingo da hil honetan. Honako hau urriaren 26tik 27ra bitartean gauzatuko da Lehiberri zentroan. Bertan, aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratatu nahi dituzten eskualdeko enpresak eta lan bila dabiltzan Tolosaldeko herritarrak.
Enpleguneren helburua izango da 60 langabetutik gora lan merkatuan sartzea. Hori dela eta, egitasmoaz herritarrei zuzenean informatzeko hainbat saio informatibo antolatu dira. Orotara bost izango dira saio informatiboak (lehendabizikoa asteartean izan zen), eta bertan prozesuaren eta lanpostuen inguruko azalpenak emango dizkiete Enplegu zentroko arduradunek, bertaratutakoei. Horrez gain, unean bertan, lan eskaintzetan izena emateko aukera ere eskainiko da.
Urriak 13, osteguna:
15:00etan Lehiberri zentroan.
Urriak 14, ostirala:
09:30ean Lehiberri zentroan.
Urriak 17, astelehena:
15:00etan Lehiberri zentroan.
Urriak 19, asteazkena:
09:30ean Lehiberri zentroan.
Kontratazioetarako diru laguntza epealdia urriaren 30ean hasiko da eta maiatzaren 30a arte luzatu. Bestalde, lanaldi osokoak izango dira kontratuak eta sei hilabete bitarteko iraupenarekin. Zalantzaren bat izanez gero eta informazio saioetara joan ezin izan badu norbaitek emailez eta telefonoz ere egin ditzake kontsultak, 943654501 telefono zenbakira deituta edota lan@tolosaldea.eus-era idatzita. Honela ez ezik, www.tolosaldeagaratzen.eus eta www.lanbide.net web orrietan ere aurkitu ahal izango da eskaintzen inguruko informazioa.
PROSPEKZIO LANAK AMAITUTA
Tolosaldea Garatzen duela zenbait hilabete hasi zen prospekzio lanarekin, hau da, programan parte hartzeko interesa izan zezaketen enpresak bilatzen. Tolosaldean kokatuta dauden enpresek dute lehentasuna programan eta honakoei kontratuen kostuaren (gizarte segurantza eta soldata) %75a arte finantzatuko zaie (gehienez 6.000 euroko laguntza izango da). Aipatzekoa da ere, kontratuak enpresarentzat enplegu sorrera garbia suposatuko duela, eta horrela egiaztatu beharko dutela dagokion tokian.