Urteko lehen sei hilabeteko datuak eskuan hartuta, balantze baikorra egin du Jon Zubeldia ekintzailetza saileko arduradunak. 110 pertsona gerturatu dira Lehiberrira ekintzailetasunarekin lotutako kontsultaren bat egitera. Horietatik, 23 pertsonak gauzatu dute euren enpresa egitasmo berria edo mikroenpresa. 23 enpresa horiek 37 lanpostu berri sortu dituzte. Batez beste, enpresako lanpostu eta erdi sortu dute, beraz.
Perfilari begiratuta, 23 enpresa horietatik, 13 enpresatan emakumeak daude atzean, eta gainerako 10etan gizonezkoak. Adinari dagokionean, helduenak 57 urte ditu, eta gazteenak 23 urte, batez besteko adina 38 urte delarik. Enpresen arloari dagokionean, joera mantetzen da, eta merkataritza eta zerbitzu arloko enpresak nagusitzen dira. Horiez gain, industria arloko hiru enpresa ere badira martxan jarri direnen artean.
Bestalde, 23 enpresa horietatik, 16 Tolosan jarri dira martxan, eta gainerakoak, Belauntzan, Zizurkilen, Ibarran, Asteasun eta Anoetan.
Zubeldiak dioenez, krisiak erabat jo zuen garaian "testuingurua ez zen batere erraza" enpresa berriak martxan jartzeko, eta "horren ondorioz, enpresa berrien sorrerak asko egin zuen behera". 2010 urtetik 2012 urte bitarterako epea izan zela bereziki txarra azpimarratu du ekintzailetza saileko arduradunak. Azken bi urteetan, berriz, joera aldaketa izan da, eta datuek erakusten dutenez, joera hori mantentzen ari da. "Datuak nahiko onak dira, eta baikor agertzeko moduan gaude", dio Zubeldiak.
Enpresaren bat sortzeko ideiaren bat duen edonori Tolosaldea Garatzeneko ekintzailetza sailarekin jar dadila harremanetan gomendatu du Jon Zubeldiak: "Gurekin hitzordua hartu, eta saiatuko gara forma ematen enpresa ideiari eta laguntza eskaintzen",