Gipuzkoan Energia Mahaia osatuko da pobrezia energetikoari aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko uzt. 18a, 12:02

Energiaren Mahaia aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez

Hitzarmenak sinatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosaldea, Oarsoaldea, Urola Erdia, eta Debegesa eskualdeetako garapen agentziekin.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak hitzarmenak sinatu ditu Tolosaldea, Oarsoaldea, Urola Erdia, eta Debagoiena eskualdeetako garapen agentziekin. Horien artean kokatzen da Tolosaldea Garatzen garapen agentzia. Eskualde hauetako energia planak sustatu, dinamizatu eta garatuko dituzten ekintzak aurrera eramateko helburua du hitzarmenak. Lau eskualde hauek 43 udalerri biltzen dituzte. Tolosaldea Garatzenek, beste eskualdeetako erakundeek bezala, 67.500 euroko diru laguntza jasoko du Foru Aldundiaren eskutik.

Ekimena aurkezteko asmoz egindako aurkezpenean izan zen Olatz Peon Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria. Asensio diputatuak azaldu zuen Ingurumen departamentua eskualdeekin batera ari dela lanean energiaren alorrean euren ekintza planak egin ditzaten. Eta horretarako, hainbat erakunderen laguntza dutela: eskualdeetako garapen ekonomikorako agentziena (sustatzaileak eta koordinatzaileak), udalena, landa garapenerako agentziena, eta zenbaitetan, herritarren elkarteren batena. Helburu horrekin, eskualdeetako energia mahaietan elkartzen dira, departamentua ere presente dagoen parte hartze foroetan.

Ingurumen diputatuaren ustez ezinbestekoa da tokiko erakundeek (Foru Aldundia, udalak eta tokiko beste erakunde batzuk) elkarrekin lan egitea kontsumitzaileak (hiriko zein landa inguruetako etxeak, sektore guztietako ETEak, denda txikiak, zerbitzu publikoak, eta abar) partaide izango dituen energiaren inguruko estrategia komun bat bultzatu ahal izateko. Estrategia horrek, hainbat ekintza planetan banatuta, pobrezia energetikoa eta ahulezia gutxitzeko hartu beharreko neurriak garatuko ditu: eraikinen, instalazioen, tresnerien, ibilgailuen eta abarren kontsumo ohiturak eta eraginkortasuna hobetzeko prebentzio neurriak eta neurri eraldatzaileak, etekinen banaketa zuzena egiten duten proiektuak erraztuko dituzten ekimen kolektibo eta publikoak, hala nola, udal eta eskualde mailako energia alorreko plangintza eta ekintzak, kooperatiba energetikoak, energia berriztagarriak oinarri hartuta autokontsumoa sortzea, eta abar.  

«Estrategia komun eta partekaturik ezean, ezinezkoa da pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egitea eta eredu energetiko jasangarri baterako urratsak ematea. Foru estrategia, ekintza propioen bidez garatzeaz gain, udal eta eskualde mailako ekintzak ere behar beharrezkoak ditu», adierazi du Asensiok.

Eta lan hori modu koordinatuan burutu dadin, Ingurumen departamentuak erabaki du Energia jasangarriaren eta pobrezia energetikoaren Lurraldeko Mahaia osatzea. Organo berri horrek eskualdeetako mahaiak bilduko ditu bere baitan, bakoitzaren planen arabera eta ekintza foralaren planoaren arabera. Mahaia kontsultarako, aholkularitzarako eta adostasunerako organoa izango da, baita Gipuzkoan energia berriztagarriarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia duten administrazioen, erakundeen, gizarte eragileen parte hartzerako organoa ere. Estrategia bateratuak egiteaz, garatzeaz eta ebaluatzeaz arduratuko da, pobrezia eta menpekotasun energetikoari aurre egiteko politikak eta jardunbideak zehazten lagunduz eta Gipuzkoan eredu energetiko jasangarrirako urratsak emanez, ikuspegi sozial, ekonomiko eta ingurumenetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!