Zure establezimendua lagunkoiago egiteko ikastaroa

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko eka. 3a, 10:21

Saltoki ertain nahiz txikiei zuzenduta, Eusko Jaurlaritzak Establezimendu lagunkoiak ekimena jarri du martxan, eta Tolosaldeko edozein saltokik hartu dezake parte. Egitasmo honekin Adinarekiko lagunkoiak diren establezimenduak sustatu nahi dira, adinekoen beharrak aintzat hartuta.

Programa honen bitartez, aholku bidezko hezkuntza jasoko dute merkatariek, eta kostu txikiko edo kosturik gabeko hobekuntzak eginda, enpresei bezero adinekoagoak erakartzen lagunduko diete.

Gizartea eta gure piramide demografikoan ematen ari den aldaketaren ondorioz, establezimenduek ere garai berrietara eta egungo bezeroen ezaugarrietara moldatu beharra daukate. Biztanleriaren zahartzea mundu osoan antzeman daitekeen joera da. Gizarte gero eta zahartuagoetan bizi gara. Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan 65 urtetik gorako pertsonen ehunekoa %20,2koa da (2013) eta 2050erako kopuru horrek %36 inguru gora egitea espero da; urte horretarako, 10 pertsonatik 3k baino gehiagok 65 urte baino gehiago izango dituzte. Era berean, biztanleen kontsumo masiborako diseinatutako azalera handiak ugaldu egin dira eta denda txikiek salmentak ugaritu eta bezeroen sarea fidelizatu, handitu behar dute.

Bestalde, gazteek internet eta merkatu elektronikoaren bitartez erosketak egiteko duten ohitura areagotzen ari bada ere, adinekoek oraindik ere denda txikietan erosteko ohitura mantentzen dute eta leialtasunarekin saritzen dute emandako zerbitzu ona. Horregatik, Establezimendu lagunkoia izateak denei egiten die mesede.

Programa honen bitartez merkatariek beraien negozioaren lagunkoitasuna hobetzeko jarraibideak jasoko dituzte. Horretarako, autoebaluazioa egingo dute eta hobetzeko eremuak identifikatu. Bestalde, parte hartzaileei Establezimendu laguna zigilua emango zaie, beraien konpromisoaren berri emateko. Era berean, ekimen lagunkoien sarean sartuko dira eta Leku Lagunkoien Mapan eta Establezimendu Lagunen Gidan agertu.

Horrenbestez, programa honetan parte hartuta bezeroarentzako arretaren kalitatea handitzeko aukera izango dute merkatariek, ez bakarrik adinekoei dagokienez, baizik eta baita pertsona guztiei dagokienez ere. Horrez gain, gune seguruagoak eta erosoagoak sortuko dituzte eta azkenik, hazteko ahalmen handia duen merkatu segmentu bat erakarri eta fidelizatuko dute.

Informazio gehiago eskuratu nahi duena Tolosaldeko Merkataritza Bulegoko teknikariarekin jarri daiteke harremanetan 943654501 telefono zenbakira deituta edota arriola@tolosaldea.eus helbidera mezu bat bidalita.

EGUNA: ekainak 21, asteartea

ORDUA: 14:30etik 15:30era.

LEKUA: Tolosaldea Garatzen Lehiberri zentroan (Apatta kalea, 1 20400 Tolosa)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!