Tolosaldeko hainbat herrik eta Tolosaldea Garatzenek, zurrumurruen aurkako beraien konpromisoa berretsi dute

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko mai. 6a, 17:00

Hilaren 3an Donostian eginiko aurkezpen ekitaldian, Tolosa, Aduna eta Ibarrako udalek nahiz Tolosaldea Garatzen Garapen Agentziak zurrumurruen aurkako estrategiari batu eta Zurrumurruak Ez/Antirrumores sarea eratzeko beraien prestutasuna plazaratu zuten. Alegia, Anoeta, Asteasu eta Amasa-Villabonako udalek ere bat egin dute ekimenarekin.

Aurkeztu berri den sarearen helburua da zurrumurruen aurkako estrategian, praktika egokien jakintza eta azterketarako gunea izatea, diskriminazioaren eta xenofobiaren aurkako prebentzio eta lanarekin batera. Era berean, elkarlanean edo koordinaturik lan esperientziak garatu nahi dira, arreta berezia jarriz formakuntza prozesuen diseinuan, ezagutzarako dokumentazio eta materialen sorkuntzan, eta zurrumurruen aurkako ekintzen katalogo bat garatzean.

Zurrumurrurik Ez terminoak, Bartzelonako Udalak 2010ean sorturiko marka, BCN anti-Rumors, du oinarri eta haren finkapen eta hedapen-prozesuan garaturiko metodologietan (estatuko eta Europako lurralde askotara zabaldu direnetan) oinarritzen da.

Zurrumurruak Ez sareak proposatutako estrategia «Gizarte-eraldaketarako» estrategia da, giza eskubideen eta kulturartekotasunaren aldeko eta arrazismoaren kontrako ikuspegitik. Honela azaltzen du manifestuak: «Etorkinen eta kultura-aniztasunaren inguruko oinarririk gabeko zurrumurruak, estereotipo negatiboak eta aurreiritziak izatea eta zabaltzea oztopo dira pertsonen arteko harremanetarako, intolerantziaren aldeko diskurtsoa elikatzen dute eta, gerora, berdintasunik eza, gizarte-zatiketa eta diskriminaziorako haztegi bilakatzen dira. Beharrezkoa da pertsonen eta taldeen ideia, ulertzeko modu, estereotipo eta kontzeptuetan eragitea geure gizarte, norbanako eta talde mailako jardunbideetan jarrera-aldaketa eragiteko».

Estrategia honen ezaugarri dira erakunde publikoen, gizarte erakundeen eta modu pertsonalean parte hartzen duten pertsonen bultzada komuna eta politika publikoen eta herri-mugimenduen ekintzen osagaiak uztartzea.

Eusko Jaurlaritzak 2011. urtean Aurre egin zurrumurruari ekimena abian jarri zuenetik, lantaldea modu jarraituan eta aldian-aldian mantendu da, eta, horri esker, lurraldean eginiko zurrumurruen aurkako ekimen asko elkarrekin lotu ahal izan dira. Horrez gain, estatuko eta nazioarteko antzeko ekimenen arteko loturak eta lan-eremuak ezarri dira, laguntza handia izan dutenak, hala nola, Europako Kontseiluarena eta Integraziorako Europako Funtsarena. Orain, sare hori zabaltzeko bidean, beste pauso bat eman nahi izan dute erakundeetako ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!