«30 lagunetik gora formatuko ditugu eraikuntzaren alorrean, eta enpresetan txertatzen lagundu»

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko mai. 4a, 08:14

Peñascal ekimen sozialeko kooperatiba da, irabazi asmorik gabea, duela 20 urtetik Tolosan formazioaren alorrean, gizarte esku hartzean eta gizarteratze enpresen sorreran diharduena. Egun, 32 lagunek osatzen dute Tolosako Peñascal Fundazioaren proiektua, horien artean daude Guillermo Malcorra eta beste hainbat irakasle, teknikari, hezitzaile, gizarteratze enpresa…

Urtean zehar 250 pertsona baino gehiagok hartzen duten parte beraien prozesuetan. Tolosaldea Saretzenen diru laguntzarekin Etxeak birgaitzeko gizarteratze enpresa bat jarri nahi dute martxan.

Zertan datza 'Etxeak birgaitzeko insertzio enpresa'?

Proiektua etxeak birgaitzeko gizarteratze enpresa bat sortzean datza. Hau jakintza alor anitzeko aditu talde batek osatuko luke, baita, denbora luzez langabezian dauden beste hainbatek ere, bereziki 45 urtetik gorakoek, sektorea ezagutzen dutenek.

Enpresak, material ekojasangarriekin burutuko ditu lanak, eta erabilitako teknikek ere irizpide berberak jarraituko dituzte. Betiere, oinarrizko eraberritzeak eta neurrikoak egitea helburutzat izanda.

Era berean, gizarteratze enpresa osatzeak legalki betebehar garrantzitsu batzuk eskatzen ditu:

Langabezian edota laguntza sozialak jasotzen ari diren pertsonak, nahiz lan merkatura sartzeko zailtasunak dituztenak (adinarengatik, ezagutzengatik…) kontratatzea.

Formazioa eskaintzea kontratatu baino lehen eta bitartean. Hauek gizarteratze enpresa ereduaren zutabe dira, izan ere, hiru urtean egon ostean, ohiko merkatura atera beharra daukate. Irabazi asmorik gabea izatea, proiektuari erabilpen egokia emate eta bermatzea, helburu hoberena izatea proiektuarentzat eta administrazioek utzitako funtsentzat.

Nondik sortu zen etxeak birgaitzeko gizarteratze enpresaren proiektua?

Errealitatearen azterketatik sortu zen ideia: eraikuntzaren krisitik, etxebizitza berriak eraikitzeko merkatua erori zenean, eta urte askotan zehar sektorean lanean ziharduten langile asko kalera joatean, orduan sortu zen ideia. Horietako asko langabezian eta laguntza sozialen menpekotasun egoera kroniko batean erori dira, hala nola, adinagatik, irakaskuntza alorrera hurbiltzeko zituzten zailtasunengatik, edota beste hainbat arrazoiengatik. Baina era berean, jakintza bat badute eta lan munduan aktibatzeko izugarrizko beharra.

Bestalde, hainbat faktorek, administrazioak alokairua sustatzeko konpromisoak hartzera eraman ditu. Horien artean, etxebizitza hutsen kopuru handiak, kredituak jasotzeko zailtasunak, eta gazteek nahiz diru iturri urriak dituztenek etxebizitza bat lortzeko dituzten arazoek.

Enpresa honek administrazioarentzat aipatutako etxebizitzak prest jartzeko baliabidea izan nahi du. Administraziotik bertatik laguntzak jasotzen dituzten pertsonei tokia eskainiz. Horrela, administrazio publikoari ere onurak ekarriko dizkio: beste modu batera etxebizitza bat lortu ezin dutenei laguntzearekin, diru laguntza publikoak jasotzetik bizi diren pertsonak lan munduan txertatzearekin eta amaitzeko, etxebizitza zaharrak, berritu beharrekoak dituztenek, alokairuan merkatura ateratzearekin.

Ekimena nori zuzendua dago?

45 urte baino gehiago dituztenei, denbora luzez langabezian daudenei eta eraikuntza alorreko formazioa jaso nahi duten gazteei.

Une honetan, zein fasetan dago proiektua? Noizko aurreikusten duzue martxan jartzea?

Talde motorra osatzen ari gara, hau da, adituak eta arduradunak. Era berean, lehen ekintza formatiboak abiarazi ditugu, eta gainontzeko ekintza formatiboak aztertzen ari gara udal, arkitekto eta arkitekto-laguntzaileekin.

Bestalde, administrazio desberdinekin hitz egiten ari gara urtean zehar aurrera eraman daitezkeen balizko lanak aurkitzeko.

Urte amaierarako, edo datorrenaren hasierarako enpresa berriari egitura juridikoa eman ahal izateko, formatutako gutxieneko talde bat osatzea aurreikusten dugu, baita eginkizun sorta bat izatea ere.

Zer onura ekarriko dizkio zuen proiektuak eskualdeari?

Enpresaren hasierako prozesuan, 30 lagunetik gora formatuko ditugu eraikuntzaren alorrean, eta ohiko enpresetan txertatzen lagunduko diegu.

Behin enpresa sortuta berriz, lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei lana ematen ariko gara. Bestalde, udalak alokairu sozialaren aldeko apustua egitera animatuko ditugu, eta enpresa bat gehiago, baina desberdina izango dute lanak aurrera eramateko.

Proiektuaren zein atal finantzatzeko erabiliko duzue Tolosaldea Saretzeneko ekarpena?

Nagusiki, hasierako formazioaren atalerako. Bereziki, material suntsikorra, pertsonala eta instalazioak Peñascalek jarriko ditu. Era berean, diru kopuru bat urtean zehar udalentzako egingo ditugun hasierako lanetarako gordeko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!