Tolosaldeko gazteentzako enplegua sortzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko mar. 18a, 09:00

Sei milioi euroko apustua egin du Garapenek gazte enplegua sustatzeko, eta horietatik 300.000 Tolosaldean inbertituko dira. 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboan kokatzen da proiektua, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean, eskualde-garapeneko 20 agentziren parte-hartzearekin.

Tolosaldea Garatzenek Garapenen bitartez eta Eusko Jaurlaritzarekin nahiz Europako Gizarte Funtsarekin elkarlanean, Hazilan laneratze-proiektua jarri du abian, 2016-2021 aldian gazteentzako enplegua sortzeko helburuarekin, eta esan beharra dago enplegu horietatik %55 emakumeentzat izango direla. Langabezia-egoeran dauden 20 urtetik 35 urtera bitarteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko edo LHko goi-mailako zikloko titulazioa) laneratzeko proiektua da Hazilan. Kolektibo horrek, prestakuntza-maila handia badu ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako bestetik. Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez. HAZI proiektuari esker, Tolosaldea Garatzenek aurrera begirako proiektuak dituzten enpresak zein diren identifikatuko du, eta gazteen eskura, enplegu bat lortzeko behar dituzten baliabideak jarriko dituzte, haien gaitasunak indartuz eta kudeatzen lagunduz.

Hazilan enpresen benetako premietatik abiatuko da. Urte hauetan garapen-agentziok egiaztatu dugunez, enpresek pertsona ekintzaile eta sortzaileak behar eta eskatzen dituzte, laguntza beharrik ez duten pertsonak, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak eta beren zereginak espero diren helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak. Konpetentzia eta gaitasun horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina askotan ez dira ikastetxe bateko ikasgeletan eskuratzen. Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.

Hazilanek metodologia berritzailea proposatzen du, ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua. Proiektua zenbait baliabidetan oinarritzen da. Lehen fase batean, pertsonen aktibazioa bilatzen da, eta jarraian, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dira, praktikak gauzatzen dira, edo enpresa-proiektuetan parte hartzen da.

Programan parte hartu nahi duten enpresa edo gazte guztiek www.tolosaldeagaratzen.eus web gunean lor dezakete nahi duten informazio guztia, baita www.hazilan.eus-en ere. Edota telefonoz deituta 943654501 telefono zenbakira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!