Aste Santuko oporraldiaz gozatzeko, hamaika ekitaldi

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko mar. 16a, 14:05

Olatz Ilarregi Tolosaldea Garatzeneko turismo saileko arduradunak Aste Santurako antolatu diren ekitaldiak azaldu dizkigu. Horien artean, aipatzekoa, urtez urte errepikatzen diren karakolaren ingurukoak.

Aste Santua da, urte osoko turismo datuei begiratuz gero, okupazio tasa altuena izaten duen garaia. Neguko hotzak ahaztu, eta udako beroaren esperoan, irteera txikiak eta egun pasak egiteko aprobetxatzen ditu jende askok. Tolosaldea leku aproposa da irteera horietarako. Aste Santuan bada zer egina.

Karakol saltsa

Badira urte batzuk Karakol Saltsa programa martxan jarri zuela Tolosako Udalak, Tolosa Gourmeten laguntzarekin. Garai batean, haragia eta arraina jan behar ez zen egunetan jaten ziren karakolak, eta ohitura horri jarraiki, aurten ere, Aste Santuko larunbatean, martxoaren 26an, egingo da Karakol Saltsa egitasmoa. 

Goizean, Tolosako Trianguloa plazan, Peio Doyharzabal Astelena jatetxeko sukaldariak karakolak sukaldatuko ditu, eta bertaratzen direnei pintxoak banatuko zaizkie. Etxeko txikienentzat ere karakol lasterketak izango dira. TOPIC-en, berriz, tailerrak antolatuko dituzte, tematika horri lotuta.

Horrez gain, Tolosako Orbela eta Ikatza tabernek karakol platertxoak emango dituzte. Tolosako Astelena eta Botarri jatetxetan, Berrobiko Iriarten eta Asteasuko Patxiñen, karakolaren inguruko menu bereziak egongo dira dastagai. 

Bisita gidatu eta eskaintza bereziak

Bisitariei begira, aparteko eskaintzak ere antolatu dituzte. Martxoaren 26an bertan, Tolosako Azokaren bisita gidatu berezia izango da. Ondoren, 11:00etan, Gorrotxategi Esperientzia deiturikoa burutzeko aukera egongo da: Txokolatearen museoa bisitatzeaz gain, Rafa Gorrotxategirekin teilak egiten ikasteko tailerra izango da. Bi bisitetan, dastaketak egingo dituzte bisitariek. 

Dagoeneko erreserba batzuk badaude, baina aste honetarako gehiago espero dituztela azaldu du Ilarregik: "Euskadiko TOP Esperientzia gisa izendatuta daude, eta Eusko Jaurlaritzak aste honetan kanpaina bat jarri du martxan esperientzia hauei begira, eta horrek laguntzea espero dugu". 

Itxaropentsu

2015eko datuak "oso onak" izan zirela azpimarratu du Ilarregik, eta tendentzia positiboari eusteko itxaropentsu daude. "Nahiko goiz egokitu da aurten Aste Santua, eta eguraldiak ere beti du zeresana. Baina aspaldi hasi ziren deiak eta erreserba asko eginak daude jada. Ea animatzen diren gehiago" dio.

Eta Donostia kutur hiriburu izateak laguntzen ote du? Ilarregiren ustez bai: "Lehengo urte joera positiboa mantendu da lehen bi hilabeteetan. Gorakada horretan hainbat faktore daude, baina hiriburutzak eragina izango du. Donostiatik oso gertu gaude eta kanpotik datorrenak ez du hainbesteko distantzia ikusten. Donostia bisitatzeko helburua dutenek ere Tolosaldea izan dezakete loleku.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!