Tolosaldeko ibaietako basoa berreskuratuz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko ots. 24a, 17:51

Aste honetan Tolosaldeko ibai ertzetan landaketak egiten ari da Tolosaldea Garatzen Aranzadirekin batera

Asteasutik hasi eta Villabona, Tolosa eta Ikaztegieta arte, Oria ibaian eta Araxes, Zelai eta Amezketa ibaietan, ibai-ertzetako habitata berreskuratzeko landaketak egiten ari da aste honetan Tolosaldea Garatzen, Aranzadiren laguntzarekin. 28 udalerrietako eremuetan gauzatuko da proiektua eta Tolosaldeko ibai-ertzeetako habitataren berreskutzea da lan hauen helburu nagusia. Horretarako, gainera, ibai-ertzetako landare inbaditzaileak ibaietatik erauziko dira eta, horrela, ibai-ertzeko habitataren egoera hobetu da.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza erabili da proiektua gauzatzeko eta Ura Agentziarekin nahiz Goieki garapen agentziarekin koordinatu dira lanak. Egitasmoak, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen ingurumen erronketatik hiru uztartzen ditu: bertako espezieen defentsa, exotiko inbaditzaileen erradikazioa eta habitataren berreskurapena.

Haltza, sahatsa, lizarra, intsusa eta zuhandorra dira bereziki landatuko diren espezieak. Aste honetan zehar landaketak egingo dira jabego publikoko ibai ertzeetako lurretan, udalekin adostuaz. Era berean, ibai-ertzeko jabego pribatuekin akordioetara iritsi nahi da, interesa izanez gero, eremu hauetan ere landaketak egin ahal izateko.

Ondoren, hanako lau landare espezie inbaditzaileen kartografia egingo da: eskualdeko Reynoutria japonica, Helianthus tuberosus, Cortaderia selloana eta Buddleja davidii. Modu honetan, azken urteetan egindako lanen ondorioak aztertuko dira eta landare hauen erradikazio lanak aurrera eramango dira. Horretarako, tratamendu mekanikoak eta kimikoak uztartuko dira: lehenik moztu eta gero landare berriei herbizida aplikatuz.

Aurten garrantzia berezia emango zaio Araxes Ibaiari. Izan ere, Babes Bereziko Eremua da Araxes, Europar Batasunaren arabera natura eta ingurumen aldetik garrantzia handia duen eremua, eta, beraz, babes-araudi berezia du eta proiektu honen bitartez, araudi horrek eskatzen dituen ekintzak aurrera eramango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!