Horrez gain, natur produktuak Trail Estazioa eta BTT zentroa bezala eta baita Tolosa Gourmet klubaren inguruko informazioa ere lehen eskutik jaso ahal izango dute azokara bertaratzen direnek.
Baina bereziki bi turismo eskaintzak izango dute presentzia Fiturren:
Alde batetik, aurtengo berrikuntza gisa, Asteasuko Alkatea Pili Legarra eta Donostia 2016ko ordezkari Idoia Noble izango dira, kazetariei Muskerraren bidea proiektuaren berri emateko. Muskerraren bidea Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratzen dituen proiektua da, Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak elkarlanean sortua. Toki zehaztugabea da Obaba, eta bertan daude kokatuta Bernardo Atxaga idazlearen narrazio ezagunetako zenbait, hala nola Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984), Bi anai (1985) eta, bereziki, Obabakoak (1988). Asteasutik abiatuta, Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den pasealekua da Muskerraren bidea. Hala, pausorik pauso, Bernardo Atxagaren lana eta Asteasuko paisaia ezagutzeko aukera ematen du Muskerraren bidea-k.
Bi kilometro inguruko bidean zehar, zazpi panel aurkituko ditu ibiltariak. Bertan, Asteasu-Obaba lurraldeari lotutako kultur gaiak azalduko dira, bertako pertsonaiei buruzko azalpenekin batera. Horietako batzuk panelean irakurgai egongo dira, eta beste zenbait QR kodearen bitartez zabalduko den web orrian entzungai.
Eta bestetik, Euskadi Gatronomika proiektuaren barruan kokatzen den Museo Gastronomikoen sarea ere aurkeztuko da, 2016.urtean aurreikusten diren ekimenekin. Sare honen parte da Tolosako Gorrotxategi Museoa eta bertan izango da ordezkari bat ere.
Tolosatik, Olatz Peon alkatea, eta Nerea Letamendia zinegotzia ere azokan izango dira, Tolosaren turimoarekiko apustuaren ispilu.