Kanpo merkatu ikerketa profesionalak Tolosaldeko enpresentzat

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015eko abenduaren 18a

2015eko urriaren 1etik abenduaren 14ra bitartean Kanpo Merkataritza eta Marketing Internazionala goi mailako programa eskaini du Lehiberrik.

Bertan, parte-hartzaileek enpresa bateko esportazio sailean lan egiteko edota internazionalizazio prozesuak aurrera eramaten hasteko beharrezkoak diren ezagutzak jaso dituzte. Bada, ikasitakoa praktikara eramateko asmoz, urtarriletik aurrera eskualdeko enpresei kanpo merkatu ikerketa profesionalak egingo dizkiete parte-hartzaileek.

Ekimen irekia da honako hau eta eskualdeko edozein enpresak parte hartu dezake eta eskatu berari interesatzen zaion merkatu ikerketa egiteko. Baina horretarako, ikerketa profesional hori egitea nahi duten enpresek Tolosaldea Garatzenera jo beharko dute eta izena eman. Horri egin ahal izateko, interesatuak bi bidetatik jarri daitezke harremanetan Lehiberriko teknikariekin: batetik, 943654501 (2. luzapena) telefono zenbakira deituta, eta bestetik lehiberri@tolosaldea.eus helbide elektronikora mezu bat igorrita.

IKERKETA HAUETAN, BESTEAK BESTE, ONDORENGO PUNTUAK AZTERTU DAITEZKE:

- Herrialdeko ikerketa makroekonomikoa.

- Sektorearen eboluzioaren bilakaera zabala.

- Herrialdean elkarlanerako dauden erakundeak.

- Herrialde horretan enpresari dagokion DAFO azterketa.

- Lehiakideen ikerketa.

- Bezero potentzial izan daitezkeenak.

- Herrialdean edota sektorean erreferentziazko feriak.

- Produktuen sarrerari dagokion arantzelen araudia.

- Barneratze eta banaketa bide potentzialen azterketa.

- Partnerrekin, bezero potentzialekin etab. kontaktuak.

- Ondorioak: herrialdera gerturatzeko eta sartzeko estrategia baten planteamendua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!