Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten 12 herritako ikastetxeetan kontsumoarekin zerikusia duten gai desberdinak aztertuko dituzte. Lehendabizi ikastetxeetan bertan diagnostikoa egingo dute (zer motatako produktuak erosten diren, ingurumen irizpideak barneratzen diren, nola jorratzen den kontsumoaren gaia…) eta ondoren herriko eta eskualdeko egoera aztertuko dute bizitza jasangarriago bat izateko dauden alternatibak ezagutzeko. Ikasleek beraien herrietan burutu daitezken hobekuntzak proposatuko dizkiete udal agintariei ikasturte amaieran egiten diren udal foroetan.
Aurrean kontsumoak gora egiten duen egunak ditugu eta aurreko urteetan martxan jarri ziren bi proiektuk aurten ere jarraipena izango dute. Txikienek, Gabonak eta kontsumoa ekintzan gaia txotxongilo saioan landuko dute ondoren eskulan berezi bat burutuko dutelarik. Herriari dagokionez, eskolak buru belarri ari dira «Gabonetako apaingarri jasangarriak» berrerabilitako materialekin eginez.
Baina Eskolako Agenda 21 ez da ikasleen proiektua soilik, eskola komunitate osoa parte hartzera gonbidatuta dago, argi dago eskolarako egiten diren hausnarketek etxeetan eta egunerokoan ere izan behar dutela jarraipena.
Tolosaldean duela zortzi ikasturte hasi zen proiektu hau bizirik dago. Aurten, Tolosako Inmakulada Ikastetxea proiektura batu da, beraien ikuspegi berezia ekarriz.