Udalak kudeatzeko tresnak jaso dituzte Tolosaldeko politikariek

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2015eko urriaren 30a

Tolosaldea Garatzenek, eskualdeko udaletako ordezkari politikariei zuzendutako trebakuntza saioak antolatu ditu urrian zehar.

Asteazken arratsaldeetan udal ordezkarien txanda izan da Lehiberri zentroan trebakuntza jasotzeko. Udalera iritsi berri diren politikariek baina baita beste legealdian lanean aritu direnek ere udal kudeaketarekin zerikusia duten arlo nagusiak jorratu eta aztertu dituzte Tolosaldea Garatzenen eskutik.

Helburua eskualdeko udaletan kudeaketa eraginkorra, egokia eta jasangarria garatzeko beharrezko tresnaz baliatzea da.

Horretarako, talde txikitan, trebakuntza zehatza eta pertsonalizatua jasotzeko aukera izan dute, hamaika udaletako ordezkari politikok hartu dute parte ikastaro bakoitzean eta trebakuntza programak oso balorazio positiboa jaso du parte hartu duten politikarien partetik. Orain dela lau urte ere, Tolosaldea Garatzenek eskualdeko ordezkari politiko berriei zuzendutako trebakuntza programa antolatu zuen eta legealdi aldaketa honetan ere berriz errepikatzea erabaki zen.

Urriaren 7an, «Hirigintza, ingurumen eta etxebizitza politikak» aztertu zituzten. Hitzaldiaren ardura Juan Landa, Ekain aholkularitza etxearena izan zen. Eta jarraian, «Kontratazio publikoaren oinarriak» tailerra izan zuten Haizea Corparen eskutik (Consultores de Gestión Publica etxea).

Urriaren 14ean berriz, «Oinarrizko araudia eta giza baliabideen kudeaketa» eta «Aurrekontuak» izan ziren politikariek aztertu zituzten alorrak. Lehen saioaren gidaritza Haizea Corparena ( Consultores de Gestión Publica etxea) izan zen eta bigarrena ordea Aitziber Zurutuzarena (Urnietako kontuhartzailea).

Azken saioa urriaren 21ean egin zuten. Orduan, Tere Barrenetxeak (Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaria) «Gizarte gaiak eta udalaren eskumenak eta erronkak» hitzaldi-tailerra eskaini zuen. Eta jarraian, Miren Larrea (Orkestrako ikertzailea, lehiakortasuneko Euskal Institutoa) «Udalaz haratago, eskualde ikuspegiaren garrantzia»-z mintzatu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!